Egun gutxi barru lanera bueltatuko naiz. Atzo lanaren inguruko dei bat jaso eta urte honi buruzko errepasoa egiteko beharra sentitu nuen.
Egun hauetan oso arraro sentitzen ari
naiz, aurrekoan ere aipatu nuen. Urtebete igaro da, eta askotan iruditzen zait
ezer ez dela aldatu, esperientzia asko bizitzeko aukera izan dudan arren. Baina
finean nire bizitza berdina izaten jarraitzen du, betiko miseriak, betiko
hutsuneak, betiko minak, urte guztian zehar haiek oso gutxitan sentitu baditut ere,
hor daude eta agertzen hasiak dira jada.
Bizitzaren zentzuaz pentsatzen jarri
naiz eta maitasuna etorri zait burura, maitasuna zentzu zabalenean, baina baita
zentzu intimoenean ere. Azken hori botatzen dut faltan. Urte oso bat primeran
igaro dut, mundu guztiak adierazi dit zein aurpegi ona eta erlaxatua daukadan,
guapa hitza ere aipatu dit batek baino gehiagok, baina maitasun ezak barrenak
jaten ari zaizkit. Hori baita faltan izan dudan osagai bakarra, maitasuna,
maitasun intimoa, norbaitek zurekin egoteko gogoa adieraztekoa, zu
laztantzekoa, zu besarkatzekoa. Eta pentsamendu horiek etortzearekin batera
negar malkoek busti dute nire bisaia.
Badaramatzat egun batzuk kontzentrazioa mantentzea kostatzen ari zaidana. Mirari bat gertatzeko azken aukera banu bezala denbora guztian mugikorrari begira ari naiz, zerutik etorritako uhinek dei edo mezu bat ekarriko didatelakoan edo, eta arrazionalki badakit ez duela zentzurik nire itxaropenak, baina obsesio moduko bat da, edota autotorturatzeko beste modu bat. Zeinek jakin, inpultsiboa baita, tik moduko bat, kontrolaezina.
Bizitzan dena ezin dela eduki diote
batzuk, baina zer da dena? Asko eskatzea al da desiratua sentitzea?
Horrela harrapatu nau egunak, gauean
ere halaxe oheratu nintzen, pentsamendu ilun horietan murgilduta. Pasako da,
bizitzaren gorabeherak dira, ezer berririk ez, baina gaur esplizitatzeko
beharra sentitzen nuen.
Eta datozen egunetan, bidai honetan lagun izan ditudanei eskainiko dizkiet hitz batzuk, hamar egun besterik ez baitzait falta abentura honekin amaitzeko.
Animo ostirala!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina