Gaur goizean mendian izan naiz.
Menditik bueltatu naizenean entsalada bat prestatu eta hondartzara joan naiz
bazkaltzera.
Bazkaldu eta hondar epelean gorputza
erlaxatzen utzi dut lipar batez, ondoren, digestiorako bi orduak errespetatu
gabe, igeri egitera joateko.
Igeriketatik bueltan dutxa hotzaz
gatza kendu eta hondartzako aulkian jesarri eta irakurtzen aritu naiz, David
Uclésen La península de las casas vacías, oso eleberri interesgarria.
Eta horrela eman dut eguna menditik
hondartzara eta ondoren etxera, dutxa epela hartu, afari goxoa prestatu eta etxeko
hainbat lan eginez amaituz eguna.
Gaur Donostiara Luxuzko kruzero bat heldu da, neure begiez ikusi dut Urgulleko atzealdean. Han barruan zeudenak ni baino aberatsagoak izango dira diruz, baina benetan ni baino aberatsagoak al dira? Kontziente al gara bizi garen lekuaz eta garaiaz? Kontziente ditugun pribilegioez, arazoak ere eduki ditzakegula ahaztu gabe noski?
Pentsamendu horiek etorri zaizkit gogora paper zuriaren aurrean eseritakoan, egunari errepasoa egiten hasi naizenean. Eta ez dizkiot eskerrak jainkoari eman ateoa naizelako, baina unibertsoan lerratu behar izan diren izarrekin akordatu eta asperen eginez, puntua idatzi eta ohera joan naiz, irakurtzen jarraitzera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina