Ez dakit zu, baina ni prebentzio medikuntzaren aldekoa naiz, hau da, noizean behin errebisioak egitekoa, ager daitekeen edozein gaitza edo arazori aurre egin ahal izateko.
Hezkuntza publikoan nabilenetik, jada bederatzi urte, ez didate sekula azterketarik egin; bai, lotsagarria, hori enpresa pribatu batek egitea ezinezkoa da, Eusko Jaurlaritza bera gainean izango luke zalantzarik gabe. Baina hezkuntza publikoko irakasleok ez ei dugu horrenbeste merezi. Oraingo akordioan hiru urtetik behin egitea sinatu da, ea hori gutxienez betetzen den.
Dena dela, ez naiz gaur hezkuntzan ditugun
arazoez mintzatzera etorri, nik beste kontu bat ekarri nahi nuen hona.
Badira azterketa mediku batzuk
norberak bere poltsikotik ordaindu behar dituena, ahal baldin badu behinik behin:
bata, dentista da, bestea ginekologoa, emakumeen kasuan noski.
Aspaldidanik urtero bi horietara joateko
ohitura daukat. Ahoaren kasuan, errebisioa eta garbiketa. Bigarrenean
ekografia, zitologia eta halakoak. Aitortu behar dut orain Osakidetzak egiten
dizkidala nire genitalen azterketak, arazo batzuk medio jarraipena egiteko,
bestela nire poltsikotik ordaindu beharko nuke.
Kontua da bi espezialitate horiek
nahiko desatseginak suertatzen direla gehiengo batentzat, nik hala bizi dut
bederen, eta joan behar duzun bakoitzean halako deserosotasun bat sentitzen
duzula.
Batean ahoa zabaldu, barruan hozkia
eragiten dizuten gailuak sartzen dizkizutelarik. Bestean hankak zabaldu, lubrifikatzaile
hotzez blaitutako plastikozko zakil moduko bat sartu eta barruan mugitzen
dizuten bitartean, edota paretetako ehun apur bat kentzen dizutela, gero aztertzeko.
Ba ez dakit umetan izandako trauma baten eraginez edo, baina niri dentistek panikoa sortarazten didate, eta gorputza tenkaturik egoten naiz haien besaulki eroso horietan etzanik. Horren aldean, ginekologoa lasaigarria iruditzen zait kasik.
Eta gauza da, gaur dentistarenean izan naizela karie txiki bat nuelako, eta aspaldiko hogei minutu desatseginenak izan direla, ondoren hiru orduz ahoa lo eta oker izatea kontuan izan gabe. Eskerrak anestesiari ez duzula minik sentitzen, baina zulagailuek, xurgagailuek eta nik zer dakidan aparatuek sortu zaratak barruraino sartzen zaizkit tentsio, hozki eta ez dakit zein sentipen desatsegin gehiago sortuz. Eta han neutzala, begiak itxita, ginekologoarekin akordatu naiz, eta pentsatu dut nahiago nukeela hankak zabaldurik egotea ahoa zabalik egotea baino. Biak ere, nondik begiratzen duzun, oso jarrera erotikoak.
Txantxarra kendu didate eta urtebetez, gutxienez, tortura honetatik libre geratu naizela pentsatuz pozik pasa dut kreditu txartela datafonotik.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina