Bakoitza gure aita eta gure amarenak
gara, denok dauzkagu gure maniak, soilik besteenak ikusten ditugun arren, baina
gure ohitura xumeenak ere mania izan daitezke guk hala ez onartuta ere.
Esaterako, liburu bat erosten dudan
bakoitzean data, tokia eta sinadura jartzen dizkiot lehen orrialdean. Liburua
irakurtzen dudanean, aldiz, amaitutako data ipintzen diot amaieran. Liburu asko
dut azken orrialde horietan inolako datarik ez daukana oraindik eta, ziurrenik,
batzuk sekula izango ez dutena ere.
Ez dut inoiz liburu bat bi aldiz
irakurri eta ez naiz inoiz zinemara joaten filma bat bigarren aldiz ikustera.
Beno, anekdota gisa esan behar dut, behin zinemara joan nintzela oso interesgarria
iruditu zitzaidan pelikula bat ikustera, eta hasi zenean oso ezaguna egin
zitzaidala. Buruari bueltak ematen jabetu nintzen bi hilabete lehenago
Zinemaldian ikusia nuela. Lapsus bat izan zen, besterik ez, barrez lehertzen
aritu nintzen hamar bat minutuz.
Donostian 2025eko ekainaren 18an
Hau da maiatzaren 23an, Siziliako
Santa Flavia herriko apartamentu parean genuen hondartzan, hanka Palermon
bihurritu ondoren Mediterraneoko ur gazietan tratatzen ari nintzela, jausi
zitzaidan liburua. Ernest Lluchen esan zidaten berria erosi behar nuela, eta
hondarrez betetako ale gazi hau nire liburutegiaren parte izatera pasatu da.
Akaso, eskasia garaia etorriko balitz edota gatzen beharra izanez gero, orrialdeak miazkatzeko balioko dit, ez baitut
uste orriok berriz ere irakurriko ditudanik. Hori da, tripi baten modukoa izan
daiteke, baina efektu psikodelikorik gabe. Ala bai? Batek daki.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina