Nire lagun batek dio denok
gaudela bakarrik mundu honetan. Nik buruarekin baiezko diodan bitartean, neure
golkorako pentsatzen dut batzuk besteak baino bakarrago daudela, baina ez naiz ozen
esatera ausartzen, diatriba batean ez sartzeko.
Bada denbora pertsona
egokiez inguratzeko erabakia hartu nuela, horrek, sarritan, bakardadera naraman
arren. Bizitzan izandako hainbat esperientzien ondoren, harreman batzuk
zuzenean baztertzeko hautua aspaldi egina daukat, eta, egunetik egunera, nire
joera hori nabarmenagoa da. Nahiago bakarrik egon gaizki inguratua baino. Ezer
aportatzen ez didaten harremanak ez zaizkit interesatzen. Halaxe diot, halaxe
sentitzen dudalako. Ez ditut pertsona faltsuak nire inguruan nahi, ez eta
pertsona interesatuak ere, harreman guztietan nolabaiteko interesa dagoela
jakin arren. Baina ez da berdina interes partekatu bat, edota norberaren interes
pertsonal soila. Selektiboa naiz, bai, eta ez dut inolako arazorik aitortzeko.
Bada pertsona mota bat
ezagutzen dituzun lehen unetik zerbait berezia transmititzen dizutenak. Haien
estimua sentitzeak, munduko toxiko guztiek egindako kaltea gailentzen dute
ezbairik gabe. Haientzako beti duzu
irribarre bat, hitz polit bat, ala broma bat. Lehen segundotik konfiantza eta kariƱoa
transmititzen dizute, eta ezinezkoa zaizu haiekin haserretzea. Nik horrelakoak
atsegin ditut eta horrelakoak topatzen saiatzen naiz.
Gaur horietako batengandik
despeditzea tokatu zait. Izugarrizko pena eman dit, baina, era berean, izugarri
eskertua sentitu naiz, haren hitzak eta besarkadak oso inportante sentiarazi
nautelako une batez.
Eta une horretan neure bakardadea
gogora ekarri dut, eta otu zait, agian, pentsatzen dudana baino jende gehiago dudala
inguruan nitaz arduratzen eta kezkatzen dena. Eta pentsamendu horien eraginez
edo, irribarre bat bisaian geratu zait egun guztirako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina