Gaur izan dut nire uda
sasoiko lehenengo hondartza eguna, fundamentuzkoa. Aurretik ere hondartzan izana naiz, baina
gaur bero zegoen, eguzkitsu. Lanetik eguerdian irten eta zuzenean joan naiz Ondarretara.
Marea altu zegoen, hondartza lepo. Jendea eguzkitan etzanda, buelta alde batera,
buelta bestera.
Nik, hasteko, nire igeriketa
saioa egin dut, marmokak oraino agertu ez direla aprobetxatuz. Eta ondoren bai,
ondoren eguzkitan etzan naiz, haren izpiak xurgatzera, infragorriak eta
ultramoreak, denak, D bitamina dosia errekuperatzeko asmoz, edo ez. Ematen
didan plazerarengatik, besterik ez.
Zeren esan beharra daukat ni hondartza zalea naizela. Are gehiago, hondartzako
profesionala naizela esan dezaket.
Oihala beti eguzkiaren
norabidean ipintzen dut, hondarrarekin burukoa egiten dut. Hondartzako poltsan
beti dauzkat igeriketarako betaurrekoak, eta eguzkitako krema, eta esku oihal
bat, eta aldatzeko bikinia, eta plastikozko poltsa bat arropa bustiak sartzeko.
Oraindik ez daukat goi-mailako masterra. Ez dut esertzeko aulkia eramaten,
furgonetan bat dudan arren. Oraindik gorputzak aguantatzen dit hondarretan
etzan eta jaikitzeko nahi beste. Gainera, aulkiarekin atzera eta aurrera
ibiltzeko ideia ez zait erakargarri egiten, oraingoz.
Hondartzako profesionala
izatea ez da gautik goizera etortzen zaizun zerbait. Nik umetako uda guztiak
hondartzan igaro ditut, Kontxan, nire guraso, anai-arreba, lehengusu eta
inguruko lagunekin. Astean zehar bazkal ostean joaten ginen, eta iluntze arte
izaten ginen bertan. Asteburuetan jardunaldiak maratonianoak izaten ziren.
Eguerdi aldera joaten ginen gure otorduekin. Hozkailu laranjan gurasoek urardo freskoa
eta fruta eramaten zuten; tarteka, errusiar
ensaladilla. Koloretako Magefesa fianbreran aldiz, patata-tortilla,
xerra enpanatuak eta horrelakoak. Postrerako helatu bat erosten ziguten eta,
ondoren, derrigorrezko digestiorako bi orduak kartetan eta bestelako jolasetan
igarotzen genituen, uretarako ordua ailegatu arte. Horrela eguzkia ezkutatzen
zen bitartean igarotzen genuen eguna. Gero Aieteko busean bueltatzen ginen
etxera, lehertuta. Eta hurrengo egunean berriz ere antzera.
Nik izugarrizko oroitzapen
ona daukat. Ederki pasatzen nuen, eta geroago, nerabetan ere, lagunekin hondartzara
joateko plana egiten genuen.
Urteak pasa ahala, lagunak
eta konpainiak aldatzen joan dira, baina plana ez. Gaur egun, normalean,
bakarrik joaten naiz, ondo hornitutako nire poltsaz lagunduta, liburu batekin.
Ez dut inor behar horretarako. Han egote hutsa plazera da niretzat. Eta berdin
zait azala gazitu eta lehortzea, hondarra kulero barruan sartzea, ala bular
tartea izerditua edukitzea. Uretatik irten eta hondar epeletan etzateak sortzen
didan sentsazioak ez du preziorik.
Ba al da uda girorako plan
hoberik?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina