2024/07/11

UZTAILAK 11 (zoriontasunaren bila)

Atzo idatzitakoari tira egin nahi diot, lagun batek egindako komentarioengatik.

Zein da gure helburua bizitzan? Ez naiz jatekorik ez duen pertsonez ari, noski, oinarrizko beharrak asetuta dauzkagun mortalez baizik.

Zein da zure helburua bizitzan irakurle? Nirea zoriontsu izatea da, eta pentsatu nahi dut gutako gehiengoarena ere. Eta zer behar dugu zoriontsuak izateko? Hor dago koxka, hor gakoa, eta horretan parte garen jendarteak eragin handia dauka gugan.

Badirudi zoriontsuak izateko bikote perfektua, seme-alaba perfektuak, finean familia perfektua behar dugula. Behar dugu kuadrilla perfektua zeinakin bazkariak eta afariak egin noizean behin; behar dugu oporretara joan, zenbat eta urrutiago hobe; eta beste hainbat gauza beharrezko bihurtu dizkigute zoriontsu izateko.

Baina nire uste apalean gauza bakarra behar dugu zoriontasunerako: maitatuak sentitzea, desiratuak sentitzea, beharrezko sentitzea, mundu honetan egoteak zentzua duela ikustea. Eta hor sortzen dira gure gabeziak, gure beldurrak, gure minak.

Atzo bikote perfektua ei zuen pertsona bati buruz aritu nintzen. Baina zer gertatzen da harreman batean urteak aurrera joan ahala? Hasierako emozioek, pasioa, desioa, beste batzuei ematen dietela bidea, oreka, egonkortasuna. Emozio berri horiek ez digute bizitzarako grin hori ematen, ohikoak bihurtzen dira, gure bizitza aspergarria edo aspergarriagoa bilakatzen da, eta, tarteka, hortik irtetea behar dugu, bizirik gaudela sentitzeko. Tarteka gaztetako pasioa eta desioa behar ditugu, eta normalean etxean topatzen ez dugun horren bila irteten gara parrandan, jakinik, biharamunean gure familia perfektura itzuliko garela ezer gertatu ez balitz bezala. Baina gertatu da, eta, ziurrenik, berriz ere gertatuko da, jada ez zarelako guztiz zoriontsu.

Zoriontasuna bilatzea ondo dago, baina tarteka triste egotea ere normala da. Gure gabeziak eta tristeziak onartzen eta normalizatzen ikasten dugun unean, zoriontsuago izatea lortuko dugu nire ustetan. Bitartean gozatu une bakoitza eta eman balioa inguruan duzunari, hori baita gure benetako errealitatea, bakarra.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina