Gure lau egunetako ibilaldia
amaituta herri batera jaitsi gara eguna pasatzera. Eguraldi bikaina zegoenez
bertako igerilekura joan gara, eta, hara sorpresa, sauna eta spa txiki bat zeuden
bertan. Amaitu dira gure opor prekarioak, bueltatu gara gure bizimodu burgesera.
Eguneko menu bat jan dugu
jatetxe majo batean; igerilekuan luze batzuk egin ditugu uraren presioak gure
muskuluak erlaxa ditzan eta, ondoren, ur beroko jacuzzian sartu gara, txorro
bat hemendik, txorro bat handik, kontrakturak ekiditeko; saunan sartu gara toxina
batzuk eliminatzeko asmotan; belarretan etzan gara eguzki-izpiak jasoz; hotel
batera joan eta dutxa bero bat hartu dugu, kaleko arropa garbiak jantziz, eta,
amaitzeko, poteatzera joan gara, gure lau egunetako ekintzaz harro.
Zibilizaziora bueltan, oso
gustura ibili garen arren, azkar ahaztu dugu prekarietatea, eta berehala ohitu
gara, guretzat oinarrizkoak eta ohikoak diren pribilegio horietara.
Baina bizitza halakoa da. Beste
batzuen aldean oso aberatsak izan arren, guretzat ohikoak diren oinarrizko beharrak
ez dira pribilegio, minimo baizik, eta haien eskasian gabiltzan egunetan ia-ia
heroi sentitzen gara gure baitarako, horren inolako agerpenik egin ez arren. Horrek
ongi sentiarazi egiten gaitu, gure bizimodu askotan aspergarriari pizgarri bat
ematen dio, egunerokoari beste balio bat emanez, tarte txiki batez bada ere.
Eta udako oporraldiari
opor usaina eman diogu estreinakoz, lagunekin partekatutako une eta egun horiei
esker. Eta barre egin dugu Jenny, Sindy eta Mari Carmeni esker, eta gustatzen
zaigun horretaz elkarrekin disfrutatu dugu, bizitzeari eta bizitzari balioa
emanez.
Hurrengoaren zain geratuko
gara, baina bitartean bizitzen jarraituko dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina