Oporrak hartu ditut.
Gaurdanik esan dezaket ez dudala ardurarik epe luze baterako. Ardurak eta betebeharrak
nik neuk neure buruari jarriko dizkiodanak izango dira soilik. Eta ni ezagututa
ziur jarriko dizkiodala batzuk, besteen artean egunero idazteko zera hau, jada
zaila egiten ari zaidana egun batzuetan.
Ez dut utzikeriatan jausi nahi.
Diziplina apur bat ezarri nahi diot neure buruari, gogoko ditudan, baina
batzuetan behartuta egiten ditudan gauza horietan diziplina. Kirola, bizimodu
osasuntsua, irakurtzea, idaztea eta, bereziki, sozializatzea.
Adinean aurrera noala gero
eta zailagoa egiten zait sozializatzea. Hori da nire handicapa, gero eta
nabarmenago. Euskalduna izan arren ez daukat kuadrillarik. Bizitzak eraman nau
modu independentean funtzionatzera, horrek dakartzan alderdi on eta txar
guztiekin. Ona, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe;
txarra, nahi duzuna egiteko gaitasuna daukazula inorekin kontatu gabe. Hau da,
askatasun hori zure kontra bihurtu daiteke, askotan ez duzulako bakarrik
egoteko gogorik. Zenbat eta askeagoa izan, besteekin harremantzeko ohitura
galtzen joaten da, eta, konturatu zarenerako, ia bakarrik geratu zara, zurekin
inork kontatzen ez duelarik.
Hori da guztion erronkarik
handiena ziurrenik, axola dizuten harreman horiek zaintzea eta mantentzea, zure
askatasuna galdu gabe.
Badut lana urte honetarako.
Noizean behin telefonoa hartu eta lagunei deitzeko ohitura hartu behar dut;
noizean behin kafetxo bat hartzeko geratu, noizean behin lagunen batekin
mozkortu, edo mendira joan, edo zinemara, edo kontzertu batera. Noizean behin
sozializatu.
Hori da nire buruari
jarriko diodan betebehar baliotsuena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina