2024/07/25

UZTAILAK 25 (dena dago salgai)

Azken garaietan gero eta ugariagoak dira turismoaren aurkako protestak mundu zabalean. 

Garai batean soilik aberatsek bidaiatzen zuten plazerez. Baina, gure gastatzeko ahalmena hobetzen joan den heinean, turismoa edo bidaiatzea demokratizatu egin da, unibertsalizatu egin da, denon eskura dagoen zerbait bihurtu da, bidaiatzeko modu asko egon dauden arren.  Euskal Herrian bizi den klase ertaineko norbanakoei buruz ari naiz, beti ere. Jada ezin dugu bidaiatu gabe bizi. Zenbat eta urrutiago joan, orduan eta hobe.

Gauza bera gertatzen da ekitaldiekin, izan kontzertu bat, izan jaialdi bat, izan pilota edo futbol partida bat, izan bakailao-astea. Ez bazaude, ez baduzu parte hartzen, ez zara ezer.

Txotxolotuta gaude.

Urtebeteko aurrerapenarekin erosten ditugu kontzertu baterako sarrerak, jakin gabe urtebete barru non egongo garen, edo bizirik jarraituko dugun. Antsietatez jartzen gara ordenagailu aurrean goizeko bederatziak bost gutxiagotan gure sarrerak erostera, eta sarea blokeatu egiten dugu, eta amorratu egiten gara ez dugulako guk eta mundu guztiak nahi zituen horiek lortu. Baina, zenbat dauka horrek benetako gogotik, eta zenbat jendarteak eragindako beharretik?

Nire lagun batek esaten duen moduan, eskuetatik joaten ari zaigu, ez bazaigu jada guztiz joan. Gure BPGa turismoan oinarritzen bada dena salgai jartzeko beharrean gaude, eta saltze horrek masiboa behar du, beharra eragin behar du, antsietatea sortarazi behar digu, eta horrela goaz  elikatzen horrenbeste amorratzen digun sistema, antisistema garela saltzen dugun bitartean.

Badakit gaia konplexua dela, baina kezkagarria ere bada. Nondik gatoz eta nora goaz? Zein gizarte-eredu eraikitzen ari gara? Ondo bizi nahi izatea eta aisialdiaz disfrutatzea gauza bat da, baina ez al gara borregismoan jausten ari?

Gaiarekin jarraituko dut besteren batean, luzerako ematen baitu. Bitartean, atzo Izaron kontzertua galdu nuen arren, ea gaur Jazzaldira hurbiltzen naizen, ni ere guzti honen parte naizela sentitzeko, une batez bada ere.

(Oharra: urteetan egin diren Jazzaldia bezalako jaialdiak egitearen aldekoa naiz. Gustuko ez dudana da horiekiko daukagun jarrera. Mundu guztiak entzuten al du jazza bere etxean bakardadean? Horretaz ari naiz.)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina