Berrogeita hamabost urte ditut. Bai, badakit adinean aurrera noala, baina oraindik gauza asko dauzkat egiteko eta ikusteko, bizirik jarraitzen dudan bitartean behinik behin.
Atzo A-rekin joan nintzen mendira.
Berrogeita zazpi urte dauzka. Ondo moldatzen gara. Gauza asko ditugu komunean,
eta inportanteena dena da, elkar entzun eta errespetatzeko gaitasuna daukagula,
bestea epaitu gabe. San Ferminetan ere elkarrekin izan ginen parrandan eta
ederki ibili ginen.
Bihar A, B, C, D eta E-rekin
noa lau eguneko trabesia bat egitera. Hiru gizon eta hiru emakume gara.
Gazteenaren eta zaharrenaren artean hemezortzi urteko aldea dago, baina ederki
pasatzen dugu elkarrekin. Giro ona daukagu, eta lehen esaten nuen antzera,
gauzak komunean dauzkagu, zaletasunak, ideiak, ondo pasatzeko gogoa.
Aste santuan F-rekin egon
nintzen oporretan. F-k nik baino hamar urte gehiago dauzka, baina oso ondo
moldatzen gara elkarrekin. Beti errespetutik eta gauzak partekatzeko txiparekin
joaten gara, eta ederki pasatzen dugu.
Adina ez da arazo gustura
egotea duzunean helburu. Jendearekin lotzen gaituena ez da adin berdina edukitzea,
elkarrekin partekatzen ditugun gauzak baizik.
Lehen aipatu ditudanekin
gauza asko lotzen naute. Lehena eta inportanteena, ziur aski, ideiak. Ondoren
zaletasunak; izan mendia, izan musika, izan bidaiatzeko grina, izan gauza eta
pertsona berriak ezagutzeko nahia.
Baina harreman intimoetara
jotzen badugu, arazo larri bat dugu emakume heterosexualek. Berdintasunean
aurrera pauso handiak ematen ari diren honetan, emakume eta gizonen arteko adin
tartean jarraitzen dugu guztiz atzerakoiak izaten. A-k esaten dit, ligatu nahi
badut gezurra esan behar dudala, kontran, ni baino gazteagoak diren tipoek
berehala ihes egingo dutela. Are gehiago nahi dudana harreman serio bat izatea
bada. Atso zahar bat iruditzen natzaie adina esanda, nahiz eta lehen bistan
kontrakoa antzeman. Eta ezin dut ulertu. Partekatzeko gauzak baldin badituzu,
zein garrantzia du zein den gazteago eta zein zaharrago?
Ez dut jendea adinarengatik
epaitzen, esan bezala, komunean ditugun gauzen arabera konektatzen dut, ala ez.
Baina egia dena da, nagoen une bitalean gizon gazteagoek erakartzen nautela oro
har, haiekin gauza gehiago partekatzeko ditudala iruditzen zaidalako, baina
gizarteak ni baino zaharragoak diren pertsonak bilatzera bultzatzen nau.
Sare sozialen bitartez
ligatzeko saiakerak egin ditudanean, aspaldi utzia daukat bide hori, aiton
zaharrak agertu izan zaizkit bikote posible bezala, eta amorratu egiten naiz.
Emaztea hamahiru urte
gazteagoa duen lagun bati esan nion hamahiru urte gazteago zen tipo bat gustuko
nuela. Aurpegi arraro batez begiratu eta zera esan zidan: guri neska gazteagoak
gustatzen zaizkigu, eta lasai lasai geratu zen. Gizon guztien izenean hitz
egiten ari zela zirudien. Halako adierazpen kategorikoak. Eta normalizatua
daukagu gizon zaharragoak neska gazteekin egotea, haien arteko harremanak iraunkorrak
izatea, baina alderantziz denean jarraitzen dugu emaztea demonizatzen.
Nazkatuta nago bizi dugun
hipokresiaz. Oso aurrerakoiak gara, baina nahi dugun gaietarako soilik.
Nik espero dudana da
maitemintzen jarraitzea, bestearen adinean erreparatu gabe, eta beste partetik
ere hala gertatzea, inoiz match bat lortu arte.
Amaitzeko aurrekoan
Iruñean ezagututako pertsonai batek botatako esaldia ekarri nahi dut gogora:
“El mar también es viejo, pero se mueve”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina