Atzokoa egun goibela izan
zen. Giroa grisa zegoen eta neu ere halaxe pasa nuen eguna. Ezer berezirik egin
gabe. Telebista jarri, baina atentzio handia eman gabe. Mugikorra begiratu
uatsapa, telegrama, Xa, instagrama, feizbuka, ea norbaitek idatzi zidan, aleik
ez. Berriz ere atentzioa telebistan jartzen saiatu, baina ez zegoen modurik.
Sentitzen nuen egun eta ordu zoragarri batzuk eskuetatik ihes egiten ari
zitzaizkidala. Eta ordu horiek liburu bat irakurtzen, edota etxeko lanak egiten,
edota luzaketa eta arnasketa batzuk egiten, edo besterik aspertzen pasa
beharrean, buruari bueltaka pasa nuen arratsaldea, nitaz errukituz, planik ez
nuela behin eta berriro nire buruari gogoratuz.
Horrelako zenbat egun
bizitzan. Baina lasai egon beharrean, eta daukagun guztia baloratu eta gure
barne-bakean zentratu beharrean zer egiten dugu, gure burua torturatu.
Gure gazteekin ere antzera
gertatzen da gaur egun. Bizi garen ongizate-estatu honetan, badirudi
ahalik eta lan gutxien egin behar dela, eta aisialdia erabat beteta izan behar
dugula. Ahal dela planez betetako egunak behar ditugu. Eta bestela berdin da
txateatzen pasatzen dugun eguna, edo TikTokerako bideoak egiten edo ikusten,
edo apostuak online egiten, baina etxean bakarrik lasai egotea badirudi
sakrilegio bat dela. Sare sozialetan ikusten ditugun egoera zoragarri horiek
guztiak guretzat nahi ditugu, ohartu gabe, sareetan, normalean, bakarrik une
alai eta zoriontsuak partekatzen ditugula.
Beraz, utz ditzagun
mugikorrak tarte batzuetan, goza dezagun momentua gauza normalak eginez, eta
ikas dezagun aspertzen. Besteak beste, etorkizun hurbil baterako mesedegarri
izango zaigu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina