Zeuen buruak aurkezteko esango balizuete, zer esango zenukete?
Nik neurea
aurkezteko honakoak aipatzen ditut eta, normalean, ordena honetan: emakumea,
euskalduna, ezkertiarra, irakaslea, fisikaria. Horren arrazoietako batzuk azaldu
nahi nituzke.
Emakumea, genero aldetik fisikoki eme baten organoak baitauzkat eta nik neure burua emakumetzat dudalako. Gainera, oso harro nago emakume izateaz, nahiz eta historikoki zabaldu den feminitatearen ideiarekin oso kritika izan.
Euskalduna, hori baita nire identitate kulturala. Euskal Herrian sortua, eta arbaso euskaldunekin, jatorria ezinbestekoa zait nire izaera definitzeko. Eta hori ere harrotasunez diot, ez harrokeriaz.
Ezkertiarra, munduarekiko eta gizartearekiko ditudan balioak eta ideiak historikoki ezkerrarekin lotu izan direlako. Beti zapalduaren alde; beti langileen alde, ezin bestela izan langile familia batetik bainator eta langile bat naizelako; berdintasunaren aldeko politikak garatzearen aldekoa (zentzu zabalenean), naturarekiko errespetutik abiatuta eta jendarte orekatuago bat lortzeko helburuarekin.
Orain arte inoiz
ez dut adierazi izan feminista naizenik esplizituki, nik ulertzen baitut ezkerrekoa
izatea feminista izatea ere badela. Baina, zoritxarrez, nire definizio horri
feminista hitza gehitzen hasiko naizela erabaki dut, bistan baita “ezkerreko”
izateak ez duela bermatzen emakumeen eskubideak defendatzearen alde zaudenik. Eta
bai, dagoeneko asmatuko zenuten moduan, Iñigo Errejonetaz ari naiz.
Eskandalagarria iruditzen zait Podemos edo Sumar bezalako erakundeetan aritutako tipo ezkertiar bat indarkeria matxistagatik akusatua egotea. Kasu guztietan salagarria da, baina, itxura batean, pertsona guztien eskubideen alde ari den tipo batengandik datorrenean, ba zer nahi duzue esatea, trenetik jaisteko gogoa jartzen dizu. Eta nire hurrengo galdera da: zer arraio daukate gizonek buruan? Noiz arte ibili beharko dugu horrelakoak jasaten? Nondik datorkie emakumeen gaineko botere nahi hori? Nondik gurekin nahi dutena eta nahi dutenean egiteko eskubidea izatearen sentipen hori?
Aski da, eztakauz popoluak txapligutarako. Ez daukat potota turutetarako, gizonak oso gustuko ditudan arren ez nago prest matxo-alfa hauei bat bera ere pasatzen uzteko. Eta bai, ozen eta esplizituki adierazten dut feminista naizela. Zakila beharrean bagina eduki arren, gizon bat beste eta gehiago naizela, independentea naizela, azkarra naizela, zientzialaria naizela, nik ere sexuaz gozatzen dudala, ez dudala gizon bat behar aldamenean bizitzan aurrera egiteko, ez dudala haren babeskeriarik behar. Nik gizonak bidelagun nahiko nituzke, baina horrenbeste gizonkeriarekin nola eta norekin fida gaitezke?
Gora borroka feminista!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina