Norberaren egoera psikikoa kanpora begira ditugun jarrera, itxura eta portaeretan islatzen da normalean. Logikoa da, antzezle oso ona ez bazara bederen. Nahigabean zure barruko zera hori kanporatzen duzu modu batera ala bestera, eta besteek igartzen dute zerbait gertatzen ote zaizun ala ez, edo zure izaeraren ezaugarriak antzematen dituzte.
Nik beti ondo
deitzen ditudan horiek ondo disimulatzen dute euren barruko katarsia. Eurentzat
kalte, gaizki zaudenean ondo egotearen plantak egitea ez baita lan makala, eta
horrek sor diezazkizukeen ondorioak auskalo nolakoak diren.
Beti gaizki
daudenak nekagarriak suertatzen dira, pena eman besterik ez baitute egiten, eta
denok dauzkagu gure penak uneren batean ala bestean, baina ni okerrago horrek
atzera ematen du.
Nik ez dakit non kokatu nire burua, lehen taldean ziur ezetz, eta bigarrenean espero ezetz. Esango nuke errusiar mendi baten tankerakoa naizela, gorabehera handikoa. Edozein kasutan gardena naiz, berehala antzematen zait aldartea, horretarako arrazoiak jakin gabe ere.
Azken hilabeteok desordena handikoak izaten ari dira; agian bizitza osoa halakoa izan da, baina orain ari naiz bereziki antzematen. Nire buruan gauza asko dauzkat, etengabe ari zait burua bueltaka: ametsak, nahiak, desioak, etorkizun hurbila, eta horri jasaten ari naizen aldaketa fisikoak lotuta, ba kaotiko samar izaten ari da nire gogoa, eta hori kanpoan antzematen da. Nire etxea desordena handi bat da, eta gero eta nabarmenago sentitzen ari naiz hura ordenatzeko, antolatzeko, aldaketak egiteko beharra, inkontzienteki nire gogoan ere eragina izango duelakoan bainago.
Eta duela gutxi irakurri nuen zure bizitzan ordena jartzeko, zure gauzetan ordena jartzen hasi behar duzula. Behar ez dituzunak botatzen, birziklatzera edota berrerabiltzera noski; beharrezko direnak ondo identifikatzen eta haiek txukun antolatzen. Modu horretara buruan soberan daukazun guztiaren garbiketa egiten omen da ere.
Ba hemen ari naiz, aspaldi gogoan daukadan horri ea heltzen diodan deliberatzen. Lotura sentimentalak diren objektuetatik eta trasteetatik behar ez ditudanak identifikatzen, eta nire buruari ordena eta bakea ekarriko dion etxe antolaketa bat diseinatu nahian. Zeren askotan antolatzen dugu gure bizitza etor daitekeen zerbaitetan pentsatuz, eta horrek lasta izugarria suposatzen digu, alferrik.
Egunekoa
bizitzen ikasi behar dugu, bihar bat ez balego moduan, baina horretarako gure
aurrekoek buruan sartu zizkiguten hainbat ohitura gainetik erauzi behar ditugu.
Hori bai desikasi behar dudala.
Ea lortzen dudan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina