Droga hitzaren definizioa bilatzen aritu naiz hiztegian, eta gaztelaniaz RAEn topatu ditudan definizioekin honako hau osatu dut:
Sustancia o preparado medicamentoso
de origen mineral, vegetal o animal, que se emplea en la medicina, en la industria o en las bellas artes, y que tiene efecto estimulante, deprimente, narcótico o
alucinógeno. Actividad o afición obsesiva.
Niri definizioaren azken atalak interesatzen zaizkit bereziki, gizakiok gauza batzuetarako gehiegizko afizioa izaten baitugu normalean.
Substantzietan
zentraturik, gurean arazo gehien eman dituen droga alkohola izan da ziurrenik. Hain
normalizatua daukagu haren kontsumoa, ondo ikusia dagoela, baina zein punturaino
da onargarria? Pertsona alkoholiko batekin bizitza partekatzeko prest egongo al
zinatekete? Non dago neurri egokia?
Gaiak asko hitz
egiteko ematen du, gizartean dagoen arazo bat badelako. Halere, legala den unetik
eta normalizatua dagoen momentutik, norberak jarri beharko du bere muga. Nik
nirea oso garbi daukat.
Baina ez zen
alkohola gaur hona ekarri nahi nuen gaia, beste substantzia batzuena baizik.
Aurreko larunbatean parrandan ibili nintzen nire herrian aspaldiko partez. Iluntzeko bederatziak aldera heldu ginen taberna batera. Hutsik zegoen kasik eta komunera joan nintzen. Okupatuta. Atea bultzatu nuen, askotan zerrailak gogor daudelako edo, batek daki. Kontua da pertsona batek ireki zidala atea. Begiratu, eta berak espero zuen inor ez nintzenez, atea itxi zuen ostera. Minutu batzuetara beste pertsona bat etorri zen, gero beste bat. Guztiak gurasoak ziren, ni baino gazteagoak, larunbat batean, gaueko bederatzietan, festak eta ospakizun berezirik ez den larunbat arrunt batean, komunean bueltaka, marrak. Zerenak? Ez dakit, drogen moda ez baita izan inoiz interesatu zaidan gaia, baina oso harrituta geratu nintzen, eta guraso horien seme-alabekin akordatu.
Zein egoeratan
ikusten dituzte gaur egun umeek euren gurasoak? Nola atendituko dituzte ganoraz
etxean, edozein egunetan kokaina edo auskalo zer kontsumitzeko beharra
badaukate? Nola ez dituzte gure gazteek buruko arazoak izango, etxean auskalo
zein egoerak bizitzea tokatzen zaienean?
Agian gehiegi
dramatizatzen ari naiz, baina lanean ikustea tokatu zaizkidan hainbat eta
hainbat kasu gogoan, galdera horiek etortzen zaizkit burura.
Ez da lehen
aldia gurasotasunaren gaia aipatzen dudana, baina marra batzuk igarotzen
direnean oso arriskutsua iruditzen zait. Azken finean, umeek etxean ikusten
dutena erreproduzitzen baitute, eta ez da kasualitatea arazoak izaten dituzten
umeak etxean egoera konplikatuak bizi dituztenak izatea.
Ez dakit zeinen esku dagoen gauza horiek aldatzea, baina drogak, guztiak, arazo bat bilakatzen dira lehenago edo beranduago. Drogak erabiliak izateko beharko lukete, ez haiek gu kontrolatzeko, deusezteko, anulatzeko. Beti existitu dira, eta beti existituko dira. Nire inguruan izan ditut, eta ez dut inoiz inor epaitu bat ala beste kontsumitzeagatik, baina egoera batzuk gainditu egiten naute, eta kezkatu, eta tristetu.
Nik gaiak aipatzen ditut, baina ez daukat barita magikorik gauzak aldatzeko. Ez naiz medikua, terapeuta edota gizarte langilea. Bizi garen gizartearekin kezkatuta dagoen irakasle soil bat besterik ez naiz.
Amaitzeko datu
bat: kalean, gauetan, gehiago ibiltzen dira gizonezkoak emakumezkoak baino, horrek
gurasotasunaren arduraren maila ere erakusten du. Hala ere, drogen aferak ez du
generorik, eta guztioi eragin diezaguke berdin-berdin, beraz, zaindu zure
burua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina