2024/10/29

URRIAK 29 (maletak)

Filmetako pertsonaiek, dena delako arrazoia medio alde egin behar dutenean, maleta nola egiten duten atentzioa eman dit beti. Zer sartzen duten horretan erreparatzen dut, zein ordenatu geratzen zaien dena, nola maleta batean eramaten duten bizitza berri bat eraikitzeko behar duten guztia, finean nola espazio txiki batean kabitzen zaien bizitza oso bat.

Nik arazoak izaten ditut beti maletak egiteko, eta, sartu beharrekoen zerrenda izan arren, asko kostatzen zait zer hartu erabakitzea eta ondo antolatzea. Agian arazoa da gauza gehiegi ditudala eta badaezpadako asko aurreikusten ditudala beti.

Gaur bi ordu luze igaro ditut maleta prestatzen. Hilabete baterakoak antolatu behar ditut, badaezpadako asko ezer eskuratzeko zaila izango den bidaiarako. Nahikoa lan izan dut gauza onerako. Bihar bigarren errepasoa egingo dut, etzi hirugarrena.

Aurreikusi behar ditut hotza eta beroa, eta haizea, eta eguzki-izpiak. Euria aurreikusi behar dut, baita elurra ere. Aldatzeko arropak, barrukoak zein kanpokoak; izerdia lehortzekoa, eta garbiketarakoak, neureak eta arropenak, baldintza klimatikoek baimentzen badigute. Aurreikusi teknologia minimoa martxan izateko gailu elektronikoak. Nahi duenean agertzen den hilekoa ere aurreikusi behar dut, baita bidean ager daitezkeen ondoezak, minak eta bestelakoak ere.
Badaezpadako mokadutxoak, badaezpadako ura edangarri bihurtzeko pastillak, badaezpadako bainujantzia, derrigorrezko liburua ordu mortuetarako, baita derrigorrezko kaiera, nire gogoari eta barrukoei adierazten uzteko. Ninian gorderik geratuko ez diren paisaietarako argazki-kamera. Eta beste batzuk akaso.

Salako alfonbra desagertu egin zait horrenbesteko badaezpadako eta derrigorrezko artean, eta ez dakit oraindik denak atera ditudan. Eta ez, haien artean ez dago zu agertzen zaren erretratorik, pelikulako maletetan gertatzen den moduan, baina gogoan eramango zaitut nirekin joaten naizen bazter guztietara.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina