Ba erlojuari begiratu eta paper zuriaren aurrean eseri behar dudala ikusi dut, deskuiduan egunak agur esan aurretik. Batzuetan hala izaten baita, konturatu orduko denborak esku artean ihes egin dizu, eta ez dituzu egin beharrekoak hasi ere egin.
Eta gauza da oso goiz jaiki naizela,
ikasturteko pilateseko lehen klasera joateko, eta hortik aurrera plazer txikiak
bata bestearen atzetik kateatuz joan naizela, orain arte. Hamabi ordu igaro
dira jaiki naizenetik, eta eleberri bat irakurtzeaz bukatu berri, idazteko
txanda zela otu zait, baldin eta nire buruari jarritako lana beteko badut.
Ta hemen naiz, beste egun batez, leihotik
begira, kanpoan ari dun euritea ea nire etorria elikatzeko baliagarri izan
daitekeen deliberatzen. Zeren, nola elikatzen da baten diskurtsoa, egunero
kontatzeko zerbait izateko moduan?
Ez da gauza erraza, errepikakorra
suertatu nahi ez bada behintzat. Eta askotan ez dugu historia bat kontatu
beharrik. Batzuetan, nahikoa da soinu bat bilatzea, erritmo bat, sonoritatea
duen testu bat osatzea, zerbait ederra, poetek egiten duten tankeran.
Eta ez dakit antzematen den, baina bukatu
berri dudan eleberriaren gai nagusia musika da, eta horren eraginez edo,
erritmo bat, kadentzia bat, bilatzen saiatzen ari naiz. Nire asmoa hanpurutsua
begitanduko zaizu agian, baina anbiziorik gabe ezin lortu ezer bizitza honetan.
Eta kontuz, zeren ez baitira gauza bera anbizioa eta harropuzkeria.
Nik umiltasun osoz aitortzen dut
idazterakoan anbiziotsua naizela, zerbait esateko beharrak mugitzen nau; edo zerbait
ederra sortzeko beharrak, nahiz eta gutxi adierazi. Finean, irakurleari zerbait
eragitea bilatzen dut, zerbait transmititzea, irakasle bezala ikasleengan bilatzen
dudan berbera. Eta beti esaten dudan moduan, batengan lortuz gero, nire helburua
beteta egongo da. Hori ez da anbizio handia izatea, baina tira.
Baina, zertaz ari nintzen? Jada galdu
dut haria. Ah bai, denbora, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten dizun gauza,
magnitude, izate, dimentsio edo kontzeptu baliotsu hori. Eta kuriosoa da nola
batzuetan orduak oso luze egiten zaizkigun, eta besteetan ohartu gabe nola joan
zaigun eguna, zertan aritu garen oso ondo jakin gabe. Baina bai, denbora gauza
baliotsua da, doanik dugun bakarrenetakoa, ta zein inportantea da zertan
inbertitzen ditugun gure bizitzako segundoak, jakinik mugatuak direla, eta
egunetik egunera gutxitzen doazela.
Beraz, hori da nire gaurko mezua, denbora zertan erabiltzen dugun ondo erabakitzea, konturatu orduko eskuetatik ihes egiten baitigu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina