Bertsotan
aritzea ez litzaidake axolako, baina onartu beharra daukat horretan, beste
gauza askotan bezala bide batez, oso txarra naizela. Eta hori idatzian, imajina
zaitezte bapatekoaz ariko bagina.
Diotenez, bertsotarako gaitasuna,
beste gauza asko bezala, ikasi eta entrenatu egiten omen da. Hala ere, niri
bertsolaritza, xakean jokatzea bezala, superdotatuen kontu bat iruditzen zait.
Kontzentraziorako gaitasun itzela izan behar da, besteak esandakoari momentuan
erantzuteko, estrategia edota mugimendu egokiarekin aurkaria ustekabean harrapatzeko,
publikoa harritzeko eta txunditzeko. Nik miresten ditut bai batzuk, bai
besteak, nire buruak ezingo luke modu horretan pentsatu.
Ba nioenez ari naiz bai neure buruan ordena jartzen, neure eremuan ordena jartzeko saiakera egiten ari naizen neurrian. Nire idatzietan ez da antzemango. Esango nuke gero eta aspergarriagoak direla, gero eta interes gutxiago pizten dutela, bi eskuekin konta nitzakeen irakurleak batekin kontatzera pasatu naizela, baina berdin dio. Inportanteena neure burua ordenatzea delako, eta bidean hura ez galtzea.
Eta uste dut reseteoa
badoala, poliki, baina aurrera. Burutik ari naiz hainbat kontu ezabatzen saiatzen, eta amorrazioa sortarazi diezazkidakeen horiei garrantzia kentzen ikasten
ari naiz, apurka-apurka. Baina ez da gauza erraza. Niri behintzat asko kostatzen
zait. Mamuak ikusten ditut sarri ezer ez dagoen tokian, eta hori ez da oso
lagungarria.
Gustatuko litzaidake nire buruko hainbat pentsamendu, iltzatuta geratu zaizkidanak, erauzteko gaitasuna izatea, tupustean fuera, kanpora, beste errealistagoei lekua uzteko. Baina bertsotarako ez, baina ametsetarako, hor bai ni ikasle aurreratua, number one, ze gaitasun hodeietara joateko, Heidik atseden hartzen zuen kotoizko hodei harro-harro haietara. Umetatik hasi nintzen hara hegan egiten eta gaur arte ez naiz geratu.
Baina bai ari naiz, piano-piano, pauso txikiak baina erabakigarriak ematen, nire bizitzako lezio zailenaren axiomak barneratzen, ez dagoen tokian positiboa bilatzen, negatiboa denari tokia kentzen.
Ai irakurle maitea,
aspertzen ari natzaizu dagoeneko ezta? Lasai gaurkoz amaitu dut. Ostirala da
eta segi lasai poteatzera, edo ostiraletan egiten duzun hori egitera. Eta
gogoratu, bizitza bakarra daukagu, ez galdu alferrikako kontuetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina