Badirudi
eguraldiak hobera egin duela, eguzki izpiak irten direla, kalerako deia eginez.
Baina nik egun arraroak daramatzat gainean. Lo gutxi eta gaizki egiten dut aspaldian,
gauean izerdi patsetan esnatzen naiz maiz, eta gogoan tristezia moduko bat
instalatuta daukat.
Ez dakit udazkena
den, hormonak diren, barruan ditudan hainbat gogoeta, hala denaren koktela,
baina goibel samar nago.
Eta hemen naiz, igande goizez, zeruari begira, nire burua kalerako animatuz, baina aldi berean maindire azpian sartzeko gogoz, ordu pisutsu hauek ahalik eta arinen igaro daitezen desiratzen. Astelehena balitz badakit desberdin sentituko nintzela, baina igandea da, sozializatzeko eguna, familiarekin, lagunekin egotekoa, eta bizitza soziala murritza daukazunean, horrelako egunetan, zure egoera muturreraino daramazu, guztiz hondoratu arte.
Hurrengo astean pentsatu nahi dut, baina ezin, gaurkoan pentsatzen ari naiz, etengabe, behatza denbora guztian zauri berean sartuz, autotortura, zigorkatzea, destroy moduan, horrela eztanda egin arte.
Gaurkoz besterik ez, bihar astelehena da eta eguzkia irtengo da ostera ere.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina