Eta maleta
batean ni definitzen nauten objektuak sartu beharko banitu zer aukeratuko
nukeen pentsatzen jarri naiz.
Ez da erraza,
adinarekin aldatzen goazelako, ginen hori izateari utzi eta beste ni batean bilakatzen
baikara, denboraren eta esperientziaren poderioz. Hala ere, beti geratzen da
esentzia bat.
Nik uste dut,
azken bi urteetan bereziki, eboluzioa bainoago inboluzio bat bizi izan dudala,
nire gaztetako esentziara buelta moduko bat. Uste dut urte horietan agertzen
garela benetan garen modukoak, behin nerabezaroko lasta gainetik kenduta. Ondoren,
bizitzaren konbentzionalismoek
bultzatuta edo, benetan ez garen zerbaitetan bihurtzen garela, edo geure
ni hori ezkutatu egiten dugula, besteek eta gizarteak oro har, gugandik espero
dutena egiteko, gure benetako esentzia albo batera utziz.
Denboraren
perspektibarekin konturatu naiz, tarteka oso zoriontsua izan naizen arren,
askotan besteei atsegin emateko gauzak egin izan ditudala, gogoz kontra, ez dakit zeren izenean. Baina kateak eta
loturak apurtzen joan ahala, askeagoa izan ahala, nire nia berragertzen hasi
da, beste antzeztutako ni horien artean gailentzen. Horrek, noski, prezio
garestia dakar, askotan bakarrik geratzen zarela, baina orain, benetan, nahi
dudan hori egiten ikasten hasi naiz. Eta argi daukat hori dela jarraitu behar
dudan bidea.
Horrekin
guztiarekin ez dut esan nahi bizitzan, soilik, gure golkoari begiratu behar
diogunik, partekatzea ere gauza ederra baita, eta, tarteka, amore ematen jakin
behar da. Baina hortik beste batzuen bizitza itsu itsuan jarraitzera alde
itzela dago.
Berriz ere
oreka, bizitzako kontu guztietan bezala, ez asko ez gutxi, ez txuri ez beltz.
Bizitza grisez beteta baitago, eta norberak bere tonalitatea aurkitzen saiatu
behar du. Ni behintzat horretan ari naiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina