Gizakiak beti bidaiatu du historian zehar. Animalia den aldetik, bizirauteko migratu du, babesteko eta bizitzeko leku egokia bilatuz. Gizartea garatzen joan ahala, migrazioaren norabideak eta arrazoiak aldatzen joan dira.
Aurreko
mendeetan, Europatik Ameriketara migratu zutenek, gerretatik eta gosetik ihes
eginez egin zuten. Gaur egun Europako mendebaldetik ez dugu migratzen,
normalean. Beste herrialdeetatik migratzen dute Europara.
Gurera
Ertameriketatik eta Afrikatik etortzen dira gehien, baita ekialdeko Europatik
ere, bizitza hobe baten bila.
Etortzen diren
horiek, ez dira turistak. Gehienak ilegalak dira, ez dute paperik, ez
dute baimenik, baina nolabait heldu dira eta hemen daude. - pairatzen dituzten
periploen inguruko aipamenik ez dut egingo gaur.
Ezer gabe
heltzen dira hona, euren herrialdeetako pobreziatik eta egoeretatik ihesi.
Bizitzeko eskubidea daukate, guk bezala, eta gure betebeharra da, edozein
biztanleri bezala, oinarrizko beharrak asetzen laguntzea. Haietako asko adin
txikikoak dira eta kale gorrian bizi dira. Imajina ezazue zuen seme-alabetako
bat beste herrialde batean ezer gabe kale gorrian bizitzen. Ba horixe da hemen
gertatzen ari dena hainbat gazterekin. Instituzio publikoetatik arazoari
irtenbide bat eman beharko litzaioke. Egin genitzake aterpe publikoak,
sozialak, horrelako kasuei epe laburreko irtenbide bat emateko, baina helburua,
pertsona horiek gure gizartean eskubide osoko herritar gisa integratzea izan
beharko luke.
Horren
ordez, dirua makroproiektuetan inbertitzen dugu. Esku pribatuetara joango diren
mozkinak finantziatzen ditugu eta haietarako baimena ematen dugu, gure garapen ekonomikoaren
izenean. Baina guztia amarru bat da, aberatsenak gehiago aberasten jarraitzeko.
Eta hori guztia,
egun, turismoaren izenean egiten dugu.
Turistak, migranteak bezala, bidaiariak dira, baina legalak, teorian gurean dirua uztera datozenak, geure ekonomiak aurrera egin dezan. Neu ere turista izaten naiz sarri beste herrialde batzuetan. Garai batean soilik aberatsek egiten zuten turismoa, plazeragatik bidaiatu alegia. Zorionez, hori demokratizatu egin da, eta gaur egun milioika pertsonek bisitatzen dituzte beste lurraldeak, egunero, euren denbora librean. Niretzat gauza zilegia da. Mundua denona da, eta zergatik ez gara joango beste lurralde eta kulturak ezagutzera aukera izanez gero? Baina non dago muga?
Atzo bi
manifestazio izan ziren Donostian, biak, nolabait, bidaiekin loturikoak.
Lehena turistifikazioaren
aurka. Ezin baita gerta turismoaren erruz herritarrak euren herrian bizitzeko
aukera galtzea, etxebizitzak kanpotarrentzako egoitzak bilakatzen ari direlako.
Neurriak ezinbestekoak dira herritarrok eta kanpotarrak elkarbizi gaitezen, eta,
horretarako, hotel, etxebizitza-turistiko, ostatu kopuruak mugatu behar dira,
eta alokairuen prezioei mugak ezarri, beste neurri askoren artean.
Bigarren manifestazioa bigarren mailako bidaiariekin lotuta zihoan, Donostiako udalak debekatu baitzuen Egia auzoko afari solidarioen banaketa egitea. Afari horiei esker, kale gorrian dauden hainbat pertsonek otordu bero bat daukate, gutxienez, egunero. Baina faxistak kexu dira, hiriko segurtasun-faltaren kausa direla argudiatuz.
Eta horrela doa mundua, kanpotar gehiago nahi ditugu gurean ekonomiaren izenean, baina bizitza duin baten bila eta lanera datozenei zailtasunak jarri eta baztertu egiten ditugu. Beno, hori da bizi garen sistema kapitalista honek bultzatzen duena. Permitituko al dugu, ala kalera irtengo gara gure izenean ez aldarrikatzera?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina