2025/01/31

URTARRILAK 31 (nerbiyuak)

Maleta eginda, A-ren aholkuei ez diet jaramon handirik egin, erdiak kenduko lizkidake ziur, baina gauzak kabitu dira, beraz, gaitz erdi. Azkenean trolley batekin noa, eta gainean motxila txiki batekin.

Korapilo izugarria daukat sabelean, unetik unera handitzen doana, Z ikustean sentitzen nuena baino handiagoa, hori posible bada.

Antipodetako bi kontaktu pasa dizkidate, eta jada mezu bana idatzi diet, baina hamabi orduko aldea daukagunez pentsatzen dut gaua arte ez dutela ikusiko.

Atzoko eguraldiarekin eguna etxean igaro nuen eraman beharrekoak aukeratzen, maletan aproba egiten, urduritzen. Jada egiteko gutxi daukat, lehen egunetako planak zehazten joatea ez bada, eta halako ezjakintasun bat sentitzen dut, bertigo izugarri bat, mundua bukatzera balihoa bezala.
Zeinek esango zidan porru honetan sartzeko? Ezin nuen kanarietarako bidai normaltxo bat aukeratu ez, munduko beste puntara joan behar nik, baina zergatik? Zertarako? Hil aurretik zerbait desberdina egin izanaren sentsazioa izateko, akaso? Bere garaian Jane Campionen The Piano filma ikusi ondoren, inoiz horra joan behar dut esan niolako neure buruari? Herrian errugbi tradizioa egonik Haka bat zuzenean ikusteko? Ala, besterik gabe, natura delako nire gogoa asebetetzen duen bakarra eta han hori topatuko dudalako, natura bere osotasunean?

Dena dela, klisk egin nahiko nuke eta jada han egon, ordurarte nerbioak jota egongo naizelako. Gaur, esaterako, oso lo gutxi egin dut. Ea datozen egunetan.

Asteburu on!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina