Goizeko seiak aldera esnatu naiz, begiak zabal zabalik, teletetxoa banu bezala, halere, zazpi ta erdiak arte ohean geratu naiz. Akordatu naiz Australiako irekiko partidaren bat emititzen ariko zirela eta telebista piztu dut. Tommy Paul eta Alexander Zvereven arteko partida harrapatu dut. Alemanak irabazi ondoren jaiki naiz.
Gosaldu eta etxea txukuntzen hasi
naiz, atzo hasitako lanari jarraipena emanez, eta konturatu orduko ordu biak
eta erdi ziren. Justu-justu heldu naiz Djokovic eta Alcarazen arteko lehiaren
amaiera ikustera. Hain nengoen kontzentratua arropak, liburuak, paperak
ordenatzen eta botatzen, final aurreratuarekin ez naizela akordatu ere egin.
Bazkal ostean jarraitu dut
garbiketarekin, seirak arte edo. Ez dut guztiz amaitu baina kasik. Halere,
Ernest Lluch liburutegian gaur entregatu beharreko liburua amaitzeke neukan,
eta hura irakurtzeari ekin diot, gehiegi gustatu ez zaidan Belen Gopeguiren El
lado frío de la almohada eleberria. Gogo handirik gabe aritu naiz ez bainau
gehiegi harrapatu, baina ez nuen erdizka utzi nahi. Eta azken orrialdera iritsi
bezain pronto jantzi eta Anoetara joan naiz, ditxosozko liburua entregatzera.
Hernaniko liburutegikoa balitz lasai asko entregatuko nuke atzerapenarekin,
baina Donostiakoan ez naiz ausartu. Eta hori izan da etxetik irten naizen une
bakarra, baina hain egon naiz ordenatzen kontzentratua, kalea existitzen zenik
ez dudala pentsatu ere egin. Eta etxera bueltatu naizenean, idazteko tarterik
hartu ez dudala konturatu naiz.
Eta hemen naukazue, nire idazmahai
berria estreinatuz, imajinazio handirik gabeko gaurko hitzak josiz, eguna amaitu aurretik.
Eta zuen eguna ondo? Oraindik al duzue San Sebastianetako ajea? Lasai, irakaslea izanez gero bihar eta etzi greba egin eta izango duzue atseden hartzeko parada, manifetan parte hartu ostean noski.
Ondoloin!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina