Eta esandako moduan atzo mendira joan nintzen arratsalde partean, Santa Barbarara joatea mendira joatea kontsidera badaiteke. Bueltan nentorrela H-kin gurutzatu nintzen. H betidanik herritik ezagutzen dudan tipo bat da, nahiz eta oso gutxitan hitz egin dudan berarekin. Beti iruditu zait oso tipo interesgarria, baina beti bikotearekin ezagutu izan dudanez ez naiz inoiz gehiago beragan fijatu edo tematu, edo esan nahi duzun bezala. Gauza asko dauzkagu komunean, askotan topatu izan baikara bai zineman, bai kontzertuetan; antzeko zaletasunak ditugula esan dezaket ezbairik gabe. Eta atzokoan mendian ikusi genuen elkar, beste zaletasun bat gehiago.
Eta, beheraka nindoala, ohartu nintzen Z H-ren estilokoa dela, fisikoki esan nahi dut. Are gehiago, Y ere antzekoa dela, hirurak traza berdinekoak, kasualitatea? Haien ezaugarri horiek ez ditut hemen esplizitatuko, baina hirurek ere, beste ezaugarri bat dute: kasu egiterakoan beti irribarre bat ahoan dutela, liluratu egiten zaituena, niri bederen.
Eta horretan pentsatzen nindoala, JDL izeneko ikastolako tipo batekin gurutzatu nintzen. Ezin dezaket esan bullyinga egiten ziotenik, genionik, termino hori nahiko modernoa baita, baina ez zen urruti ibiliko, orain deskriba ezin ditudan hainbat ezaugarri baitzituen. Hamalau urte genituenetik ez nuen ikusi, ez baitzen gurekin institutura etorri. Ez dakit zer ikasi zuen, zerbait ikasi bazuen. Garai batean droga kontuetan ibilia zela entzun nuen, konpainia txarretan. Ez dakit zenbat egongo den egia hortik, baina atzo ikusi nuen tipoak ikastolako hura oroitarazi zidan. Baserritar itxurarekin, (ez diezadala inork termino hori gaizkitzat hartu, hiritar eta baserritarren artean nik alde handiak ikusten baititut jarreran), mozolo eta gixajo samarra, askotan kanpoko zera horrek engainatu egin diezagukeen arren. Kasu egin genion elkarri, mendian kasu egiten den moduan. Ez dakit berak ezagutu ote ninduen, baina ez genuen ahaleginik egin ez berak ez nik hitz batzuk gurutzatzeko.
Eta aurrera jarraiturik hurrengo pentsatu nuena izan zen ea denok antzera zahartzen garen, edo batzuetatik besteetara alde handia dagoen, neuk nire burua beti besteena baino gazteago ikusten baitut. Nahi eta ezin bat izango da? Errealitateari bizkar eman nahi bat? Ez dakit, baina berriz ere H, Z eta Y etorri zitzaizkidan gogora, pentsamendu horiek irribarre bat ahoan sortarazi zidatelarik.
Asteburu on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina