Kasik hamalau urte igaro direnean Euskadi ta Askatasuna erakundeak armak behin betiko utzi zituenetik, nire galdera da zein zentzu daukan, oraindik ere, erakundeko balizko militanteak preso edukitzea. Eta gauza da garaiak aldatu direla, zentzu guztietan.
Ez naiz politologoa ez eta historiagilea,
beraz, ez naiz analisi sakonak egiten hasiko. Bakarrik dakit frankismo garaian,
eta ondoren etorri zen trantsizioan, errepresioa basatia izan zela mugaz alde
honetan. Neuk izan dut aukera nire herrian ikusteko umea nintzenetik. Eta
horren aurrean, gazte askok armen bidea hartzea erabaki zuten, nahiz
politikarena hartuta emaitza, gehienetan, berdina zen. Beste garai batzuk
ziren, beste kontestu historiko bat, beste gizarte mota bat, beste dena.
Konflikto armatua gehiegi luzatu zen
batzuen aburuz. Ni ez naiz baloraziotan sartuko. Bakarrik dakit ETAk armak utzi
zituela aspaldi, ezker abertzalearen aldetik beste hautu politiko bat hartu
zela, baina presoen afera gehiegi luzatzen ari dela.
Nola eraikiko dugu jendarte berri bat,
denon artean adostutakoa, batzuei askatasuna ukatzen jarraitzen dugun bitartean?
Euren zorra, baldin badute, uste dut ederki kitatuta daukatela. Badute garaia gure artean izateko, euren aportazioa beste modu batean egin ahal izateko. Ene ustez, oraindik preso gehiegi ditugu, gehienak Euskal Herrian, zorionez, baina bada garaia etxera bueltatu daitezen, denak, behin betiko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina