2025/01/23

URTARRILAK 23 (hezkuntzan greba)

Atzo eta gaurko hezkuntzako greben karira izan den manifestazioan parte hartu dut gaur Donostian. Sabatikoan izan arren, ikastetxeko lankide batzuekin egin dut hitzordua, kolektibo moduan parte hartzeak horrelakoei zentzua ematen diedalakoan bainago.

Taberna batean geratu gara, eta hara bidean noala irakasle multzo batzuekin topo egin dut. Haiei begiratu eta entzun ostean otu zait irakasleak, batzuk, gustuko ez dudan kolektibo mota bat direla (garela), janzteko moduagatik, hitz egiteko moduagatik, transmititzen duten nagusitasun itxuragatik akaso, eta hurrengo etorri zaidana burura izan da ea nik beste batzuei ezaugarri horiek helarazten dizkiedan. Larritu egin naiz une batez, baina jada ez dut erremediorik, ez naiz orain lanbidez aldatzen hasiko, makarrismoa transmititzen jarraitu beharko dugu azken hatsa heldu arte, makarrismoa zentzu positiboenean noski. Ez ditut manifan ikastetxeko guaienak ikusi, ez nuen nahi ezta espero ere. Z ere ez dut ikusi, hura ikustea espero nuen arren. Beste aukera galdu bat, enegarrena bizitza honetan. Pena bat.

Eta amodio-desamodio gora beherez haratago bizitzan beste zerbait badela otu zait, eta langile klaseko kontzientziaz beteta bueltatu naiz etxera, borrokatzeak merezi duela pentsatuz, bestela bizitzak zentzu guztia galtzen duela konbentziturik.

Eta eguraldi eder hau probestuz banoa bueltaxka bat egitera, naturarekin harremanetan sartzera, bizitzaz gozatzera.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina