2025/01/19

URTARRILAK 19 (oroitzapenak)

Atzo Antiguako jaietara joan nintzen Skabidean taldea ikustera. Frontoia lepo zegoen eta iruindarrek jende guztia dantzan jartzea lortu zuten, egia esateko oso roilo ona transmititzen dute, eta akordatu naiz nola ezagutu nuen taldea duela zazpi urte.
Murugarrenen zen, hango sagardotegian. Sagardotegiaren itxiera bazkaria egiten dute ohituraz ekainean lagun artean eta urte hartan, bazkal ostean, kontzertua antolatu zuten. Taldeak Fits eta Skabidean ziren.
Ni kontzertura hurbildu nintzen bertan zegoen lagun batek gonbidaturik, garai hartan zonalde hartan ibiltzeko ohitura bainuen. Hantxe egon ginen, hogeita hamar bat lagun, gehiagorik ez, luxuzko tokian, luxuzko konpainiaz, luxuzko musika entzuten. Skabideaneko gazteek jo zuten lehenik. CDa erosi nien asko gustatu baizitzaizkidan.
Jira eta buelta asko eman ditu CD horrek nire furgonetan, halere, atzo ikusi nituen bigarren aldiz. Beste formatu batean, musikari gehiagorekin, plaza handiago batean. Egia esateko kanta gehienak ezezagunak zitzaizkidan, baina erritmoak ezagunak eta atseginak. Gozatu nuen.

Eta horrela lortu nuen San Sebastianen usaina izatea. Eta M ikusi nuen, baina neska batekin lelotuta, nik baino hogei bat urte gutxiago izango zituen neska batekin, eta berarengatik poztu eta ez nion kasurik egin.

Gaur lo gutxi eginda esnatu naiz, pentsatuz nire patua ez dela bikotean egotea, frogek oso argi uzten didatenez. Norbait ezagutzeko eta harreman bat izateko aukera ez dela erraza, are gutxiago adinean aurrera goazela sozializatzeko aukerak murrizten diren heinean.

Eta etxean Robot Dreams film zoragarria ikusiz amaitu dut arratsaldea, eta amesteko gaitasuna inoiz ez galtzea desiratu dut, eta bizitza ahalik eta ondoen bizitzen jarraitzea.

Tanborrada on!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina