2025/01/20

URTARRILAK 20 (san sebastianak)

Ba hemen nago etxean, hiru gizonekin. Ez, ez pentsatu lizun, altzari batzuk muntatzera etorri zaizkit, bai San Sebastian egunean. Data jarri zidatenean ez nintzen jabetu, baina, egia esateko, ziurrenik egingo ez nuen parranda bat ekiditeko balio izan dit, nahikoa izan bainuen atzo eguerdian parte zaharrean edandako hiru txakolinekin. Eta, aitortu beharra daukat, gaizki sonatuko badu ere, San Sebastianak gizonekin lotzeko beste erremediorik ez daukadala, egun horretan parranda egin izan dudan askotan ligatzen amaitu baitut, mozkorra, baina akonpainatua nire etxean. Ez dizut kontatu nahi zer nolako biharamunekin joaten nintzen lanera halakoetan. Akordatzen naiz haietako batean lagun baten etxera joan behar izan nuela lotara, kotxea hartzea ezinezkoa baitzitzaidan.

San Sebastianak. Bai, Antiguako nobio bat izan nuenetik ohitu nintzen Antiguara joaten parrandan, ahal nuenetan, asteburua tokatzen zenean alegia, bestela lana izaten bainuen. Edozein kasutan, gure herrian beti izan da Antiguara joateko ohitura, agian, duela aspaldi, Antigua Hernaniko auzo bat izan zelako, batek daki.
San Sebastian bezperan tabernetako bertsolari txapelketa herrikoan eta hura amaitzean, ordu biak ala hiruretan Antiguara. Behin joanez gero, bueltatzeko ordua zaila zen igartzea. Eguerdian; bazkal ostean, bazkaldu gabe noski; arratsaldean; inoiz bandera-eraiste ondorenean. Beti doblauta, askotan konpainian, beste askotan bakarrik.

Eta bertsolari txapelketarekin lotuta, duela gutxi oso gauza polita gertatu zitzaigun. Badira hogei bat urte txapelketa L deituko dudanak irabazi zuela, eta txapela I-ri eskaini zion. I ordurako kartzelan zegoen. Bisitan joandako batean txapela eraman eta,  probidentziaren gauzak (beste behin ere), bisitan joandako haietako bat bisera sartzera zihoala, denek izan zuten I besarkatzeko aukera, eta L-k txapela jantzi zion I-ri, txapela kartzelan geratu zelarik.
I hirugarren graduan dago orain, eta urrian bazkaria egin genuen bisitan joaten gintzaizkion haietako batzuk. Ba postrerako I-k txapela bere tokira bueltatu zuen, L-ren burura alegia. Oso hunkigarria izan zen. Ez dakit denek ez ote genuen negarrez amaitu.

Eta ez dakit atzo L-k txapelketan parte hartu ote zuen, aspaldi galdu bainuen saiora joateko ohitura, eta ondoren Antiguara joatekoa eta gaupasa egitekoa, eta ni baino gazteagoa den tipo batekin ligatzekoa.

Eta hemen nago hiru gizonekin etxean, edana egon gabe, libidoa guztiz itzalirik, etxean zehar mugitzeko beldurrez, traba egingo diedalakoan.

Ondo amaitu eguna!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina