2025/01/18

URTARRILAK 18 (oles egitera nator)

Ba bi aste beranduago Aitzgorrira etorri naiz, urte berriari oles egitera. San anton egunez izan da, hondartza mendiarekin ordezkatu dut behingoagatik, egiteke neukan asmo horietako bat betetze aldera.

Jada hematokrito kopurua bere onera etorrita, kostatzen da maldan gora joatea, eta hemen noa Sancti Spiritutik gora, arnasestuka, eskuinean Txindokiko alde malkartsuena eta Aralar guztia dakusadala, dagoeneko batere elurrik gabe, abenduko begitazio hura horretan geratu baita, ilusio hutsean. Baina elur falta hori konpentsatzeko edo, behealdean algodoizko itsaso bat dago, harro-harroa, elurretan bezala ahoz gora zabal zabalik botatzeko tentazioa ematen dizuna.

Bidean aurrera noala ahots batzuk entzun ditut, nahiko urruti izanagatik ere oso ozen entzuten direnak. Hurbildu ahala bi emakume ikusi ditut, espainolak pentsatu dut, gaztelaniaz ari baitira, garrasi batean, tentatuta egon naiz esateko ea ez al dakiten baxuago hitz egiten, inguruko animalia guztiak izutuko dituztela, baina ez naiz ausartu. Hala ere, badirudi eurak baino sasoi hobea dudala, eta nahiko arin aurreratu ditut. Beno, ez nahiko nukeen bezain arin, kostatu egin baitzait haien ahots karrankariak atzean uztea. Beraz, sasoitsu nago bai, baina igual ez horrenbeste. Esan beharra daukat espainolak direla esan dudala, baina haiek aurreratzean egin didaten diosala, euskaldunak direla adierazi dit, espainolez bizi diren euskaldunak, igual-igual zaratatsuak. Hango animaliek oraindik izango dute haien txilioen trauma.

Eta Garminaren erruz ia ostia bat hartu dut. Bide bera eginda nuen aurretik eta tracka erlojura bidaltzen saiatu naiz, baina kasik bide erdia eginda daramat eta oraindik ez du kargatu, bueltaka dabil ditxosozko tramankulua bidea kargatzea kostatuko zaiola adieraziz. Eta ni hari begira estropezuka. Pikutara, bidea markatua dago eta, ez da galtzerik.

Eta horrela heldu naiz tontorrera, izugarrizko eguraldiarekin. Bai, orain bai sentitzen dut urte berriari ongi etorria egin diodala. Argazki parea atera, eta berriz ere kotxerantz, oraingoan San Adrianeko tuneletik helduko naizelarik. Nire irteera guztietan bezala, galdu ez, baina despistatu naiz tarte batean eta ahuntz baten pare ibili naiz, hamar minutuz edo. Ezer larririk ez. Eta kotxera heltzen ari nintzela ahots ezagun batzuk entzun ditut ostera ere. Lehengo bi neskak, haiek igo toki beretik jaitsi dira eta nirekin batera heldu dira behera.
Atsegin egin diet kasu furgoan euren aurretik pasa naizenean. Nire atzetik joan dira Beasaineraino kasik, gero eurak aurreratu naute, eta berehala galdu ditut bistatik. Eskerrak, mendian lortutako bakea ez nuke ahots gorrotagarri horiekin apurtu nahi.

Asteburu on!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina