2025/01/22

URTARRILAK 22 (sare sozialak)

Ba ikusirik sare sozialen jabeen fatxerioa eta informazioa, desinformazioa hobe esateko, erabiltzeko duten modua, serioski planteatzen ari naiz haiek uzten joatea, baina kostatuko zait. Aitortu beharra daukat, beste askok bezala, sareak informatzeko erabiltzen ditudala, baita interesekoa izan daitekeen informazioa zabaltzeko ere, edota salaketak eta aldarrikapenak egiteko. Baina nire erabilerak haien poltsikoak bete eta faxismoa zabaltzeko balio duela pentsatzen dudan bakoitzean gaiztotu egiten naiz. Eta gauza da, zer egin beharko genuke ezkerrekoek (nik oraindik eskuin-ezker terminoetan hitz egiten dut)? Dena utzi eta soilik faxisten ahotsak zabal daitezen permititu?

Badira hilabete batzuk X utzi nuela. Orain facebook eta instagram kontuak ditut, uatsapp eta telegram kontuekin batera. Mastodonen ere badut kontua, baina ez daukat hura erabiltzeko ohiturarik. Nire idazkiak facebooken publikatzen nituen orain arte, baina uste dut bide hori utziko dudala (Mark Zuckerberg Trumpen kargu-hartzean ikustean zerbaitek egin zidan buruan krak). Telegramen jarraituko dut eta nire blog pertsonalean, azken hori googlekoa da. Gehienak munduko aberatsenen esku. Eta hor dago koxka, nola jokatu sare-sozialek jendearengana heltzeko duten potentzial positibo hori ikusirik?

Nik ez dakit. Momentuz ez ditut Zuckerbergen aplikazioak kenduko, gauza askoz enteratzeko baliagarriak baitzaizkit, baina haiek gutxiago erabiltzen saiatuko naiz, euskal komunitateak telegramen dituen kanalak lehenetsiz.

Eta zuek, grebako irudiekin tic-toc bat egingo al duzue? Arratsalde on!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina