2025/01/26

URTARRILAK 26 (hainbat kontu)

Atzo, esan bezala, Las vidas de Sing Sing filma ikustera joan nintzen. Nahikoa hotz irten nintzen zinematik, benetako errealitate batean oinarrituta dagoela jakin arren. Nahikotxo aspertu nintzen egia esateko.

Gaur goizean bost orduko tenis partida bat ikusteko prest nengoen eta, ondoren sofan eserita igaroko nituen orduak kontuan izanik, hasierako tartean mendi bueltaxka bat egitea erabaki dut. Orain arte sekula aipatu gabeko, baina asko gustatzen zaidan Argiako podcast bat entzuten joan naiz, Beranduegi izenekoa, haizearen ufadei eta astinduei ihes egin nahian bezala. Barre asko egiten dut haiei entzunez. Telegramen kontua dute, norbaiti interesatuz gero. 
Eta etxera heldu naizenerako bigarren setaren amaieran zegoen Australiako irekiaren mutilen finala. Nahiko puntu onak ikusi ditut, baina probidentziari esker Sinnerek irabazi du set hori eta, hortik aurrera, lehenagotik ere argi da, gainetik ibili da, Zvedevi hiru setetan irabazita. Pena bat, motza egin baitzait. 

Ondoren Goiatz Labandibarren Bekatua liburua amaitzeari ekin diot, azkeneko atal bat kenduta asko gustatu zaidana, nik bizi izandako egoera batzuk gogora ekarri dizkidalako akaso.  

Bazkal ostean, alerta horia edo laranja haizearengatik emanda dagoela eta, ostera ere kalera irteteko beldurrez, siesta egin dut. Lo seko geratu naiz tarte batez. Gauak lapurtzen dizkidan lo orduen truke izango da ziurrenik, asko luzatzen ari den azken boladan, lo hartu bai, baina gauaren erdian esnatu egiten bainaiz, beti, eta hor aritzen naiz jira eta buelta, halako batean gorputz bat nire ondoan topatzea esperoko banu bezala. Baina ez.

Eta eguneroko lerroak idatzi ostean, irakurtzeari ekingo diot berriro, nire estudio berrian, nire butakatxoan. Roberto Bolañoren Llamadas telefónicas ipuin liburuarekin ari naiz, momentuz asko gustatzen ari zaidana.

Eta gaurkoz besterik ez. Ondo amaitu eguna!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina