2024/12/10

ABENDUAK 10 (besteen sufrimendua gure zaborra)

Izenburu krudela dirudi hor idatzi dudana, baina hori da teknologia berriek ekarri dutena, gure aurrekoek euren sakrifizioarekin faszikuluka plazotan erositako entziklopediak gure etxeko zaborra bilakatzea. Agian zuei ez zaizue gertatuko, baina ni orain bizitzen ari naiz nire gurasoek nekez guretzako erositako liburutzar pila botatzeko trantzean egotea. Eta kosta egiten zait. Ez da Diogenes sindromea dudala, gehiago du zerbait gaizki egiten aritzearen sentipenetik, badakidalako zenbat kostatu zitzaien haiei horiek denak eskuratzea. Eta dena beraiek izan ez zuten ikasketekiko aukera guri ematearren.

Gogorra egiten zait Larousse hura edota euskarazko hainbat hiztegi tekniko botatzea, baita literaturaren historiako obra nabarmenenez desegitea ere. Beno, izan nadin zintzoa, soilik ene bizitza osoan kontsultatu ez ditudan pisuak altxatzeko balio duten totxo horiek kenduko ditut. Txikiagoei, oraingoz, tokia egingo diet, edo tokia egiten saiatuko naiz, eta lortzen ez badut bigarren pasada bat egin beharko dut, edo nire lagun A-ri deitu. Hark berehala eramango du gaur egun sarean edo liburutegietan topa dezakegun edozein obra.

Eta horrela nabil, etxean ordena jartzen saiatzen, horretarako besteen lan guztia alferrikakoa izan zenaren sentsazioarekin. Badakit ez dela horrela, manipulatzaile bat naiz, nire ez botatzeko joera justifikatzeko. Baina zer pentsatuko luke nire amak nik eskatutako liburuak botatzen ari naizela ikustean?

Jarraituko dut garbiketarekin, liburuak ordenatzea eta sailkatzea argazkiak aukeratzea bezain lan nekeza baita.

Arratsalde on guztioi eta entziklopedia beharrean bazaudete jarri nirekin harremanetan.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina