Eta uste dut déjà vu bat izaten ari naizela, esaldi hori behin baino gehiagotan idatzi dudala, egoera horretan lehen ere izan naizela. Baina hori dut gaurko dilema, gorputza ondo estali, -zertarako daukat armairuan hirurehun euro baino gehiagoko goretex bat, gaur bezalako egunetan ez badut jantziko,- eta kalera irten paseatzera, euririk, haizerik eta hotzik ez balego bezala; edota etxeko epelean geratu Z-k ea deituko zain itxaroten. Bigarren kasuan bizitza joan dakidake, beraz, agian aukera hobea pulmonia bat hartzeko arriskuan jartzea, akaso bidean zerbait interesgarria topa dezaket, etxean, gehienez, armairuen gaineko hautsa besterik ez baitut ikusiko.
Eta egia da, etxerako moduko
giroa dago, bai, baina nire sasoia mantentzeko nahi horrek, eta azken boladan
daukadan kirolerako edo ibiltzeko ohiturak, besterik ez bada lauean ibiltzera
deitzen nau. Busti eta gero hor izango dut dutxa beroa. Hori baitu gure ongizateko gizarte
honek, etxean berogailua eta dutxa beroa izateko aukera, beno ez bazara kalean
bizi, edota ez bazara hilabete amaierara heltzen ez den ehuneko altu horren
barruko familia batekoa bederen.
Eta zeruari begira ari naiz,
leiho batetik urdina antzematen dut, bestetik gris iluna, ortzadarra paretak
estaltzen didan zatian egongo da akaso. Eta bai, irtengo naiz, airea hartzera,
haizeak astindu nazan, aurpegian hotza nabaritzera, giharrak esnatzera, bihotzen
taupadak azkartzera, odola berotzera, burua ernatzera, kanpotik bustitzera, bizirik
nagoela sentitzera, hemen barruan kikilduta gelditzeko beldurrez bainaiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina