Astelehena berriz ere. Egia esanda, une honetan niretzat egun guztiak igualak dira, edo kasik. Ez da gauza handirik aldatzen egun batean zein bestean egiten dudanaren artean. Igandeak somatzen ditut desberdin, dena itxita baitago eta kalean mugimendu handiagoa somatzen delako, besterik ez.
Eta Nepaletik etorri naizenetik
bi kontu dauzkat buruan, bereziki, beste batzuk beti hor baitaude. Bat, argaldu
ditudan bi kiloak ez errekuperatzea, horretarako bizimodu osasuntsu bati eutsi
behar diot; banabil.
Bi, altueran ibili izanaren
onurak, globulu gorrien gain-ekoizpena alegia. Hori frogatzea eta ahalik eta
gehien probestea da buruan daukadan zera. Eta horregatik joan nintzen lehengoan
Adarrara, eta frogatu nuen bide zuzenetik igo nuela, beti bezala motel, baina
arnas esturik gabe. Dida gora, dida behera, gora puztuta heldu nintzela esango
nuke. Atzo, aldiz, Herniora egin nuen buelta, Alkizatik, azken boladan oso
gustuko dudan bide erdi zirkular bat eginez. Abuztuan egin nuen azken aldiz
itzuli hori, eta atzokoan berrogeita bost minutu gutxiago erabili nituen.
Berrogeita bost. Niri izugarri iruditu zitzaidan. Nekatu nintzen? Ba bai,
etxera heldu eta bazkal ostean sofan etzan nintzen lasai atseden hartzera,
baina erraz eta arin ibili nintzela aitor dezaket, eta orain, sasoi hau mantendu
egin nahi nuke, ahalik eta gehien. Zer eta nola egin behar dut forma ez
galtzeko?
Agian Z-ri eskatu beharko nioke
laguntza, entrenamendu egoki bat diseina diezadan, nire erresistentzia
mantentzeko. Baina hori ez da izango, hirugarren gauza bat ere baitut buruan: nahi
ez nauten tokietan ez naizela tematuko. Gai horri ere buelta ugari eman diot
azken boladan, eta konturatu naiz pertsona batzuekin harremana mantentzen
saiatu naizela, baina bueltan ez dudala espero nuen erantzunik jaso, eta nekatu
naiz. Nitaz zerbait nahi badute etor daitezela eurak. Jada bakarrik egoten
ikasia naiz, ez dut konpromisoagatik inor behar, bueltatzen ez diren deiak
egiteaz eta mezuak idazteaz nazkatu naiz. Horrek isolamendura eraman nazake
momentu batzuetan, agian, baina nahiago bakarrik zoriontsu egon, konpainian bakardadea
sentitu baino.
Beraz, Z-ren laguntzarik gabe,
nire entrenamendu propioak egiten jarraituko dut, eta hematokritoak topera
mantentzen saiatuko naiz.
Aste on guztioi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina