Gaur irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. Euskararentzat eta euskal kulturarentzat ezinbesteko hitzordua omen da, joaten den jende kopuruarengatik, salmentengatik, baina akaso, arrazoi inportanteena, ikusgarritasuna izango da. Sortzaileek, ekoizleek, han dute euren lana zuzenean aurkezteko parada, publikoarekin elkar eragitekoa, horrek, pentsatu nahi dut, garrantzia izango duela euren egitekoan.
Egia esateko urteetan joan izan
naiz azokaren aitzakian Durangaldera, batzuetan eguna, besteetan gaua eta
besteetan asteburua pasatzera. Joaten nintzenetan beti erosten nuen libururik
eta diskorik. Egun haiek baliatzen nituen gabonetarako kultura dosia eskuratzeko,
baina helburu nagusia parranda egitea izaten zen beti. Egin ditugu batzuk
euskararen aitzakian, parranda egiteko aitzakiarik beharko bagenu bezala.
Urteak dira ez naizela bertaratu,
bizitza soziala gutxitzen hastearekin batera utzi nion hara joateari, batzuetan
gogoa izan dudan arren, onartu beharra baitaukat ederki pasa izan dudala. Ikusi
dut nola batere irakurtzen ez duen jendea bertaratzen den, euskaldun gisa ekitaldi
horretan egotea ezinbestekoa bailitza, umeentzako ipuinen bat edota urteroko egutegia
erosteko aitzakian, baina hori ere gure kulturaren parte da, ala ez?
Esan dezaket, harrokeriarik gabe,
euskal kulturaren kontsumitzaile banaizela, eta, horretarako, ez dut Durango
behar. Nik euskal kultura urte guztian zehar kontsumitzen dut. Liburutegia
erabili arren, interesatzen zaizkidan autoreen obrak erosi egiten ditut, etxean
jada haiek gordetzeko toki gutxi izan arren, militantziagatik soilik. Berdin
musikarekin, euskal musikarekin, interesatzen zaidanarekin noski, erosi egiten
dut, ahal dela CDtan, autoan topera entzuten joateko; eta ahal dudan zuzeneko
guztietara joaten naiz, horrek eragiten baitu benetan euren jarraipenean, ez
urtean behin ospatzen den azoka batek.
Euskaldunok euskal kultura
beharrezko dugu, gure hizkuntzan sortutako lanak behar ditugu gureak aurrera
egingo badu. Horretarako ez dakit Durango behar dugun. Durango, ziurrenik,
erakusleiho ezin aproposagoa izango da sortzaile horiek publikoaren aurrean
agertzeko, baina gure kulturak, benetan behar duena urte guztian zehar
kontsumitzea da, egunerokoan gure bizitzaren parte izatea. Kalitatezko
produktuak behar ditu, idatzizkoak zein ikus-entzunezkoak; irrati eta telebista
egokiak eta duinak; euskaraz sortutako filmak, euskaraz sortutako idatzizkoak, prentsa
zein literatura; eta horiek guztiak mantentzeko ikus-entzuleak behar ditugu,
irakurleak behar ditugu, publikoa behar dugu, publikorik ez badago beste guztia
sobrean egongo baita.
Beraz, lagun, Durangora joan bai,
baina kontsumitu euskal kultura urte guztian, hori baita gure herriari egingo diogun mesederik handiena.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina