Atzo eskiatzera joan nintzen
Aralarrera. Esan dezaket eskiatzen dakidana han ikasi nuela, duela urte asko, elur
gehiago botatzen zuen garaian hara joateko ohitura baikenuen.
Oso gustuko dut elurra, bakea ematen
dit, ondo sentiarazten nau, energia positiboz betetzen nau.
Aralar ez da ene iritziz tokirik
egokiena iraupen eskia egiteko, elurra jauzi berri ez bada behintzat. Mundu
guztia doa umeekin, edo umerik gabe, elurraz gozatzera, eta bideak oso zapalduta
egoten dira.
Atzo kamioi bat pasa omen zen pistatik
gora. Ikusi behar zen han zeuden zuloak eta irregulartasunak. Bestalde,
hotzarekin elurra izoztuta zegoen lehen orduetan.
Bada pertsona bat crowfunding bitartez
bidea egiten duena. Baina niretzat ez zen nahikoa. Monoa kendu nuen, baina ez
nuen guztiz disfrutatu, tarte batzuetan gozatua hartu nuen arren. Halere
beldurrarekin ibili nintzen, nire burua ez bainuen oso seguru ikusten. Eta oso
eskiatzaile ona ez naizenez, aspaldiko
partez erorketa batzuk izan nituen, batzuk nahi gabe, beste batzuk nahita, nire
burua elurretara botata.
Gauza da etxera bueltatu eta lasai
egon nintzela, baina orduak aurrera joan ahala, eskubiko oina gero eta okerrago
sentitzen nuela, lurrean ezin jarri iritsi arte. Erorketaren batean egindako
bihurrituren bat bere hortzak erakusten ari zitzaidan.
Jarri nituen izotza eta arnikadun
ukendua, hartu nuen antiinflamatorioa, eta gaur goizean hobeto jaiki naiz,
baina panikoa sentitu dut. Oinik gabe ez bainaiz ezer. Ezin badut ibili,
paseatu, mendira ala hondartzara joan, zer geratzen zait? Ezin badut dantzatu,
zer egingo dut gustuko ditudan festa eta kontzertuetan?
Eta pentsamendu horiek buruan jaiki naiz zeruari begira, gaur egin behar nuen mendi itzulian pentsatuz, besterako utzi beharko dudala, hobe dela egun batzuetan atseden hartzea, hilabeteak hankarik gabe egotea baino. Eta otu zait, akaso, Probidentziaren gauza izan zela duela hilabete batzuk ostiraleko Ferminen kontzerturako soilik eseritako sarrera eskuratu ahal izatea; bestela, zer egingo nuke hanka honekin pistaren erdian bi ordu eta erdi zutik? Eboluzioa kontatuko!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina