Ba atzokoa ederra izan zen bai. Ni kexu nintzen eseritako sarrera neukalako, baina egia esan ez zen hain gaizki egon. Eszenatoki pare parean, urruti, baina zutik denbora guztian, bultzatuko ninduen inor gabe inguruan. Lagunak pistan egon ziren, bolloan esan zidaten, saltoka eta bultzaka, haiek ere primeran, baina inbidia gutxi. Horren aukera izango dut hurrengo batean.
Aldamenean ni baino zaharragoa zen tipo bat zegoen. Ez zuen euskaraz egiten, Euskal Herrian dauzkagun garai bateko abertzale erdaldun horietako bat. Ni bezain emozionatua zegoen, gehiago igual. “Esto es lo que necesitaba desde hace tiempo” bota zidan literalki, eta ez zen parrandaz ari, edo kontzertu soil batez. Bera han arnasten ari ginen aldaketarako, errebeldiarako, (iraultzarako esatea gehiegi iruditzen zait), salaketarako eta inkonformismoarekiko giroaz ari zen, azken urteetan hori guztia lotan balego bezala, beno hein handi batean badagoela esango nuke. Nik han bizitzen ari ginena ilusio bat besterik ez zela adierazi nion, biharamunean denak berdin jarraituko zuela, baina berak ezetz, kontzertu hura zerbaiten mugarria balitz bezala. Ilusiorik gabe ezin aurrera egin, beraz berarentzat hobe hala pentsatzea. Ni negatiboagoa naiz.
Edozein kasutan ederra izan zen, gure gaztetako soinu banda zuzenean kolektiboan partekatzea, mundu justu baten alde borrokatzeak merezi duela gogora ekartzea, eta horretarako injustizia desberdinak kantuen bidez aldarrikatuz.
Milesker Fermin herri oso bat bibrarazteagatik!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina