2024/12/17

ABENDUAK 17 (gauza soilak ditut maite)

Gauza eta pertsona soilak ditut maite. Bai hala da, apaingarriak soberan ditut, gero eta gehiago. Soiltasuna diodanean naturaltasuna ere adierazi nahi dut, artifiziorik gabeko hori, berezkoa dena, besterik ez. Pertsonak halakoak maite ditut, gero eta gehiago, itzulingururik gabe dabiltzanak, bere aurpegia, izena eta izana lehenengotik adierazten dizutenak. Horren bila nabil, beti, eta halakorik ezagutuz gero horretan tematzen naiz, zaila baita landugabeko diamante bat bitan topatzea.
Baina ez zen hori gaur hona ekarri nauena, soiltasunez ari nintzen bai, baina bi gomendioekin natorkizue, bata musikala, bestea zinematografikoa.

Lehena aurrekoan ere aipatu nuen, Biznaga talde madrildarra da. Azken asteetan Euskal Herrian aritu dira biran eta euren azken diskoa erosi diet. Furgoan daramat ordu erdiko CDa buelta eta buelta, ozen, oso ozen, haien letrak entzunez behin eta berriz. Gaurkotasuna dute, salaketa dago, baina errealitatea islatzen dute, pertsona arrunten egunerokoak, arazoak, minak, gabeziak eta bizitzeko arrazoiak eta grina.

Beste estilo batean, besteak beste Rodrigo Sorogoyenek sinatutako “los aƱos nuevos” serie espainiarra daukagu. Hamar kapitulu dira, istorioan garatzen den urte bakoitzeko bat. Bi pertsonen arteko hamar urteetako harremana kontatzen da, beti egun berdinean, urteko azken egunean hain zuzen ere. Artifiziorik gabe berriz ere, dialogo naturalak dauzka, zuk eta nik izan ditzakegun horiexek. Esan gabeko desioak daude, eta minak, eta pasioa, sufrimendua eta zoriontasuna, eta norberaren gabeziak; baina guztiaren gainetik maitasun asko, baina benetakoa, erraietatik ateratzen den hori, zuk sentitzea nahiko zenukeen hori.

Ba batzuen diskoa entzuten eta bestearen seriea ikusten otu zait biek ere gauza asko dutela komunean ni horrenbeste harrapatzeko, eta naturaltasuna da, detaile txiki bakoitzean ageri dena. Ez naiz ezeren kritikari eta ez dizuet bestelako baloraziorik egingo. Entzun eta ikusi, eta zuek baloratu. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina