Jada abenduak bat ditu, beste hilabete bat joan zait esku artetik, nire hilabetea, nire urtebetetzearena, nire azken urteetako urtebetetze bereziarena ziurrenik, bizi izan dudan esperientziagatik. Eta gaurkoarekin Nepalerako bidaiaren balorazioarekin amaituko dut, oraingoan sentsazio, sentipen, emozio eta bizi izandako esperientzian zentratuko naizelarik.
Ez da lehen aldia
taldean bidaiatu dudana, ezezagun talde batean esan nahi dut. Ez da lehen aldia
trekking bat egitera joan naizena taldean. Ez da lehen aldia garapen bidean
dagoen herrialde pobre batera joan naizela; alde horietatik badut nolabaiteko
esperientzia. Baina lehen aldia izan da azaroan bidaiatu dudana; lehen aldia izan
da urtebetetzea oporretan ospatu dudana; lehen aldia izan da nire egoera
fisikoak kezkatu nauena, beldur izan naizena, gorputzak nola erantzungo ote
zidan beldur, horrek ekar lezakeen guztiarekin, eta esan dezaket pozik eta
harro sentitzen naizela.
Nepaleko
herrietatik gindoazela, nik ezagutu ez dudan hogeigarren mendeko Euskal Herria
imajina nezakeen: landa-eremuak, etxe xumeak, teknologiarik gabeko
lur-lanketak, lau oilo, bost ahuntz, astoren bat, behiren bat. Pobrezia ikusi
dugu, bai, baina oro har, jendeak bizitzeko lain zuelako sentsazioarekin geratu
naiz. Alde horretatik ez da esperientzia gogorra izan, nahiz eta kasu gogorren
bat ikusi dugun, bereziki Kathmandun, non milioi bat pertsona bizi diren gutxi
gora behera.
Egia da nepaldarren
bizimodua ezin dugula gurearekin alderatu. Haientzat gu aberatsak gara, bai materialki
eta, bereziki, baita erosotasun aldetik ere, horretan beste liga batean jokatzen
baitugu. Baina poztasuna somatu dut hango jendearengan, eta horrek sentsazio
ona utzi dit. Igaro ditugun herrixka guztietako jatetxe eta lodgetan gu mendebaldeko
giri aberatsak izango ginen, ziurrenik, eta hala da, beraz, gauzengatik
kobratzen ziguten guztia ondo kobratua zegoela pentsatzen dut, baldin eta
horrekin herrialdearen eta familien ekonomian positiboki eragiten badu.
Aurrekoan esan
bezala, euren aberastasun handiena naturan datza, eta hori baliatzea bizitzeko
guztiz normala da. Egia esan mendi altu horiek han ikustea, begia zabaldu bezain
pronto, horrek ez du preziorik, eta esperientzia hori bizitzea izugarria izan
da. Hor izan dugu Ama Dablam askotan parez pare, baita Lhotse, Pumori eta Everest
ere, neurri txikiagoan, eta akordatzen ez naizen izen arraroko beste hainbat
sei milako eta zazpi milako batzuk.
Nire urtebetetze
egunean ikusi genuen lehen aldiz munduko sabaia. Egun eguzkitsua zen, pozik
nengoen, kurba bat hartu eta han agertu zen, mendikatea, zuria, guri begira. Oihuka
hasi nintzen, eta negarrez. Negarrez han egotea nire lorpen bat izan delako, aspaldi
ikasia bainaiz bizitza honetan gauzak ez direla zerutik jausten, norberaren
ahaleginarekin soilik lortzen direla. Denbora asko igaro baitut heldu ez den ez
dakit zeren zain, eta jada nahikoa dela erabaki bainuen ez dela oso aspaldi. Orain
nahi eta ahal dudana egiten dut, inoren baimenik gabe, inoren oniritzirik
eskatu gabe, inori azalpenik eman gabe, eta, tarteka gogorra den arren,
askatasun sentsazioa izugarria da, deskriba ezina.
Ba horrela hasi
nuen urtebetetzea, nire udazkena, mendi handi horiez inguraturik, eta hortik
aurrera denak izan ziren tontor zuriak eta zeru urdinak. Eguraldia lagun, pausoak
motelak, baina sendoak ziren. Altuera irabazi ahala motelago joatea komeni zen,
gorputzak hala eskatuta, trekking osoan bizirik iraungo bazenuen. Heldu ziren
buruko minak eta sabeleko ondoezak, paracetamolarekin ala atseden tarte batez
gainditzeko modukoak; heldu ziren sufritzeko uneak, gorputzak ezin duela esaten
dizun tarte horiek, baina badakizu ezin zarela bertan geratu eta aurrera egin
behar duzula. Oroitzen dut Chola Passera (5.370 m) heldu nintzenean, negarrez hasi
nintzela, igoera madarikatu hura gainditu izanaren poza, ezintasun, emozio, edo
dena delakoagatik. Han atera nuen denbora guztian motxilan neraman zapi
palestinoa, eta argazkia atera genuen hiru emakume euskaldunek. Gero kranpoi
txikiak jantzi eta elurretan behera jaitsi ginen. Egun hartan, sufritu ondoren,
inoiz ez bezala gozatu nuen elur tartean ibiltzen. Halere, igoera hark geratzen
zen trekking osorako markatu ninduen, eta Kala Pattharera ez igotzea erabaki
nuen, besterik gabe gehiegi sufritzeko gogorik ez nuelako. Ez nintzen saiatu
ere egin, egun hartan beste batzuk baino sasoi hobean izanagatik ere.
Mendian bakarrik ibiltzera
oso ohituta nagoenez, une batzuetan konpainiak ez didala ondo egiten ikasi dut,
ez behintzat zurekin doazenak ur azpian ere isiltzen ez diren horietakoak
badira bederen. Tarteka asko akitu naiz, taldekideak etengabeko komentario, garraixi,
tontakeriekin aritzen zirelako. Bidea egokia denean berriketan egitea normala
iruditzen zait, baina maldan gora gindoazenean edota malda behera malkartsuetan
ezin nuen jasan. Konturatu naiz mendia niretzat terapia dela, meditatzeko modu
bat akaso, eta kontzentratua behar dut joan, nire arnasketan, nire
pentsamenduetan, nire gogoan. Eta nire taldea ez zen egokia horretarako.
Horregatik saiatzen nintzen edo aurrean edo atzean joaten, berritsuengandik
ahalik eta urrutien. Alde horretatik une txar batzuk igaro ditut, baina gero
pasatzen zitzaidan. Agian pentsatuko zuten borde samarra nintzela, eta agian
banaiz, baina bakoitza garen modukoak gara, ez dago besterik. Halere, jende
guztiarekin moldatu naiz ondo. Esaten nien zaratak agobiatu egiten ninduela,
ulertu nahi zuenarentzat nahiko.
Eta horrela, ttirriki-ttarraka
heldu zen gure helmugaren eguna: Everest Base Camp. Ez zen punturik altuena,
baina bai, adierazten duenagatik edo, bidaiaren izena eta helburua. Berriz ere
bueltatuko banintz, agian Kala Patharrera igoko nintzateke eta Base Campera ez.
Baina hori orain diot, han egon eta gero. Harritza bat besterik ez da, gehiago
du sinbolikotik, politetik gutxi baitauka, ez bada han ikusten den glaziar
izugarria, azpian dena baita izotza, harriek estaldura egokia osatu arren.
Derrigorrezko
argazkien ostean, palestinako zapiarekin berriz ere, jaitsiera hasi zen. Hiru egun
jaisten. Hamabost egunetan gora eta behera egindako guztia hiru egunetan kitatuta.
Luklan hegaldi ahaztezina geneukan zain, ikusi behar da hango aireportuko
aireratzeko pista; eta, amaitzeko, bi egun Kathmandun lasai egon eta opariak
ala oroitzapenak erosteko.
Hiru aste horietan nire
errealitatetik erabat deskonektatuta egon naiz. Aitortu beharra daukat hainbat
pertsona izan ditudala gogoan, beraz deskonexioa ez da erabatekoa izan, baina
oso ondo sentitu naiz. Barre egin dut, negar egin dut, dantza egin dut eta
kantatu egin dut. Lasai egon naiz, eta inportanteena agian, ni izan naiz, nire
on eta txar guztiarekin. Kilira joateko nire planetan zalantzak sortu zaizkit,
bost mila metrotan ibiltzea oso gogorra dela ikusi dudalako, eta ez dakit
sufrimendu hori jasateko prest ote nagoen oraintxe bertan.
Espero,
aurrerantzean ere, horrelako esperientziak bizitzeko aukera izatea, eta zuri
irakurle, aukera badaukazu, bidaiatu ahal duzun guztia, irten etxetik, ezagutu
beste munduak. Hala gurean dauzkagun
tontakeria guztiak errotik joango zaizkigu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina