Atzo Biznagan kontzertuan izan
nintzen Dabadaban. Z han aurkitzeko itxaropena nuen, eta kontzertu gehienetan
topatzen dudan tipo bat ikusteko beldurra. Zorionez bigarrena ez zegoen. Oso
deseroso senti arazten nauen tipoa da, nahiz ez didan ezer egin, baina bera hurbiltzean
gaizki sentitzen naiz, agian nik nahi ez dudan zerbait nahi duela pentsatzen
dudalako? Izan daiteke, ez dakit. Alde batetik, beraz, lasaitu ederra. Zoritxarrez
Z ezta ez zen han. Ez dakit zergatik pentsatu nuen han topatzea aukera bat zela,
bere gustuko musika izan zitekeela, baina ez gertatu. Hura ikusteko izan
ditzakedan aukera horietako bat pikutara.
Ba horrelaxe, inolako interferentziarik
gabe kontzertuaz gozatzeko aukera izan nuen. Ez zen oso luzea izan, baina oso
ondo egon zen. Gustuko ditut madrildarrak, letra zorrotzak dituzte, gizarte
honi kritika, eta beti eskerrik asko bat euren ahotan.
Ba halaxe hasi nuen horrenbeste
gorrotatzen dudan konstituzioaren zubi hau. Atzo aipatzen nuen Durango, bertara
joateko garaia delako, baina joateari utzi nionetik zubi hau beti gertatu izan
zait gogorra. Askotan giro eskasa egin izan du, edo hotz handia. Mendirako plana
egiteko nagia, etxean geratzeko aproposa. Baina hiru edo lau egun etxean irten
gabe, ez da gustuko platera. Iaz, esaterako,
euria barra-barra ari zuela oroitzen dut, eta eserialdi batean Karmele Jaioren
Maitasun Kapitala irakurri nuen. Irakurraldia terapeutikoa izan zenez asteburua
arintzen lagundu zidan.
Gaur ere euria ari du, etxean
geratzeko moduko giroa, baina aspaldiko partez Durangorako hitzordua egin dut
lagun batzuekin. Ez dut ezer erosteko asmorik, Ezpalaken azken diskoa ez bada. Aurreko
astean erosi nuen BeƱat Sarasolaren Coca-Cola bat zurekin eta
gabonetarako eskuratuko ditut jada fitxatuta dauzkadan beste hainbat, Karmele
Mitxelenaren azkena esaterako.
Oraintxe etxetik irtetzeak galbana
handia eragiten dit, baina, besterik ez bada, hemen gaur ospatzeko ezer ez
dugula aldarrikatzeko irten beharko, ez da hala? Eta zeinek daki, agian Z
ibiliko da stand artean galduta?
Asteburu on guztioi!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina