2024/12/31

ABENDUAK 31 (gabon zahar)

Ba heldu da 2024ko azken eguna. Baneukan urteari errepasoa egiteko asmoa hainbat datu bilduz, baina erabaki dut inori ez zaiola interesatzen hamar edo hogei liburu irakurri ditudan, edota zenbat film ikusi dudan zinematan; ez eta zenbat gailur edo trekking egin ditudan urtean; gutxiago zenbat aldiz maitemindu naizen, edota zenbat aldiz ligatu dudan. Egia esateko, ez dakit irakurtzen didazuenei zer interesatzen zaizuen, baina nik nahi dudana idatziko dut, horretarako da nire egunerokoa eta, ez al duzue uste? Hala ere, batetik hamarrerako puntuazioa jarri beharko banio urteari zazpiko bat jarriko nioke. Hau da, oro har, oso ondo egon da, baina gabezia edo tristezia batzuk izan ditut.

Garai batean gaurko afarian eta biharko bazkarian ama eta biok egoten ginen mano-mano. Gaur gaua bakarrik igaroko dut, hala nahi izan dudalako. Halere, ama gogoan edo, gaur bere berokia jantzi dut, seguru nonbaitetik ikusi nauela guapa-guapa. Eta, atzo pentsatu bezala, bazkaldu eta nire toki kuttunetako batera joan naiz urtea despeditzera.

Furgoan joan naiz Pardiolaraino, eta handik Onddira igo naiz lehenik. Bakar bakarrik nago. Kosta egiten zait arnasa hartzea, bularraldea hartuta baitaukat, baina sasoitsu nagoela esan dezaket harrokeriarik gabe, erraz igotzen ditut maldak. Aurreko hileko egurrak zerikusia izango du ziurrenik. Handik Muniskora jaitsi naiz. Hiru lagun daude bertan. Harri batean jartzeko ohitura daukat. Hantxe geratu naiz tarte batez, gure arbasoen eta eguzkiaren energia xurgatuz, negatiboa deskargatuz, liburu bat eskuan, bakean irakurriz. Halere, eguzkiak jo arren, tenperatura ez da oso altua eta ordu erdira martxa egin dut Zahatzain aldera.

Bi hilabete izango dira ez nentorrela hemendik eta harritu naiz, bideak erreka bat dirudielako. Dena da ura eta lokatza. Pentsatzen jarri naiz ea azken astean euririk egin ote duen. Ezetz esango nuke, baina toki hau nahiko ospela da, ez zion lehortzeko astirik emango. Ba ura eta lokatz artean txukuna jarri naiz, nahiz eta ez dudan gauza handirik behar belauneraino zikintzeko.

Furgoneta arteko bidea berriz ere bakar bakarrik egin dut. Zein ederra den mendian bakarrik ibiltzea, txorien kantua, hostoen karraska, edota adarren kulunka entzunez, denbora ez ustean pasatzen zaizu, eta konturatu orduko eguzkia jartzen ari da.

Ba halaxe heldu naiz etxera, iluntzen hasia zelarik eta gorputzean dardarizoa nuelarik. Goizean hobeto sentitu naizen arren, gorputza ez dut ondo. Dutxa beroa hartu ostean paracetamol bat hartu dut, kafe egin berria eta goizean erosi dudan errege-opil zati batez lagunduta.

Afarirako zerbait berezia badut, baina,  ohi bezala, bederatziak aldera afalduko dut, ea zorte apur batekin petardo festa hasi aurretik lokartzen naizen. Eta, bihar goizean, dardarizorik ez badut eta ondo jaikitzen banaiz, mendira joango naiz urte berriari oles egitera.

Gabon zahar on guztioi, eta ondo ekin urte berriari! 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina