Ez dakit zuri, baina niri ez zait gustatzen haserretzea, are gutxiago gertuko jendearekin, eta ez zait gustatzen zerbait gaizki egin izanaz akusatzea. Ezinegon handia sortzen dit, kulparen mamua pizten zait gogoan eta kosta egiten zait gainetik kentzea. Bart halako zerbait gertatu zait ezezagun batekin telefono bidez, nik gaizki ulertutako konpromiso baten harira. Lotsagabe deitu dit, agian arrazoiarekin, baina nire aburuz modu oso desegokian, eta oso gaizki sentiarazi nau.
Bestea familiartekoekin izandako haserrealdia da. Ez naiz azalpenetan luzatuko, baina ustezko pasotismo aldebakarrekoaz akusatzen ninduten, eta oso gaizki sentitu nintzen.
Lehen afera konpondu dut, baina halako tonua darabilen jendearekin ahalik eta harreman gutxien nahi dudala argi daukat.
Bigarrena espero dut gaur konpontzea,
jada konponduta ez badago, baina oso urduri nago. Zerbait gaizki egin izanaren sentsazioa
daukat, besteek egin dutenaren berdina egin dudanean, ezer ez alegia. Baina
nondik begiratzen duzun gauzak desberdin ikusten dira. Eta izaeraren arabera
garrantzia kentzen diozu, edo nik bezala bueltaka eduki gaiztotu arte.
Banoa dutxara eta kalera, ea udaberriko giro epel honek aldartea alaitzen didan.
Asteburu on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina