Azken garaian, badirudi, oso trakets nabilela, bai emozionalki, baita fisikoki ere. Ez ei dut ezertan asmatzen, dena gaizki egiten dudalako sentsazioa transmititzen didate alde desberdinetatik, eta hori gutxi balitz, fisikoki ere trakets.
Aurrekoan Beriainera igotzen erori
egin nintzen tonto-tonto, zauri bat ezkerreko belaunean, Zelanda Berrian egin
nuen zauriaren leku berean berriz ere. Herenegun Santa Barbarako bueltan izan
zen, zuzen batean, ez dakit nora begira nindoan edo zertan pentsatzen baina krixtona
hartu nuen, oraingoan eskuineko belauna izan zelarik kaltetua, mugimendua
egiten duen tokian, eta hemen nago, oraindik, belauna tolesteko beldurrez, ixten
ari den zauria ostera ere ireki ez dadin eta pikatu egiten du, umeek dioten
moduan, ederki pikatu gainera.
Nire baldarkeriaz hausnartzen hasi naiz, kasualitate hutsak izan ote diren, zorigaiztoko uneak hanka behar ez nuen tokira bideratu dudalako, hala nire gorputza huts egiten hasi deneko seinale ote den. Azken aukera hori burutik pasa zait, nire lagun batek dioen moduan pentsatzeko eta aspertzeko denbora gehiegi izaten ari naizelako, baina ez nuke benetan aukera bezala ikusi nahiko. Halere, hanka sartze ugari, erorketa gehiegi denbora gutxian, ummm zerbaiten seinale ote?
Atzo, eguraldi tristea lagun, eguna
lasai hartzea erabaki nuen, nire gogo eta gorputzari deskantsua ematea eta serie
bat irentsi nuen pentsatzeari denbora gutxi emanez.
Gaur, aldiz, nahiko nuke eguna
aktiboagoa izatea, nire belauna apur bat behartzea, erortzeko gaitasuna berriz
ere martxan jartzea eta neurtzea noraino heltzen den nire dohain edo akats
hori.
Eguna gaur ere triste esnatu da, baina nik alaitasunerako motiboak bilatuko ditut han-hemenka, nire buruari erakutsiz behin eta berriz erori arren, jaikitzeko gaitasuna oraindik bizirik daukadala.
Ostegun on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina