2025/04/16

APIRILAK 16 (mikroipuina)

Autoan doa Goizuetara daraman errepidean barna. Bidea estua da eta, laneguna izan arren, tarteka topatu ditu txirrindulari batzuk. Haien atzetik doa, aurreratzeko aukera garbi ikusten duen bitartean.  

Bidea estuagoa egiten den zati batean txirrindulari bat doa. Hasieran ez dio arretarik eman, baina metroak aurrera egin ahala barizedun bikietan fijatu da. Gero arropan erreparatu du, oinetako eta kasko zuriak, duela hogei urteko maillot zuri-urdina, ipurtalde zabala, bera da, ia ziur.
Txirrindulariak bidea libre dagoela ikusi duenean keinu bat egin dio, aurreratzeko. Oso berea da keinu hori, kanpoan uso etxean otso, etorri zaio burura. Aurreratzen hasi zaio eta parean izan duenean begiratu egin dio. Ez dago zalantzarik, bera da, izena aipatzerik merezi ez duen hori. Ziur berehala errekonozitu duela bere autoa, sentsibilitatean ez, baina horretan ona da. Hori pentsatzeak urduritu egin du eta azeleratu egin du errepideak utzi dion guztia. Gaurkoan ez du besteetan bezala errepide ondoan utzi autoa. Bidexka batetik sartu da, mendirako bidean dagoen txoko batean aparkatu du eta auto barruan geratu da geldirik, zauria aspaldi itxirik izan arren, bere erraietatik zornea jariatzen sentitu baitu une batez. Ahazturik zituen galderak etorri zaizkio tupustean gogora: zer egin dut nik halako tratua jasotzeko, zergatik niri…bere garaian ulergaitza zitzaion egoera berriz ere etorri zaio gogora, eta mina aspaldi gainditu zuen arren, ezinegona sortu zaio duela hiru urtetik ikusten ez zuen hura berriro ikustean.

Trantzean bezala egon da tarte batez, inora begira, ezer merezi ez duen pertsona batek nola eragin diezaiokeen horrenbeste ezinegon ulertu nahian. Minutu batzuk besterik ez dira izan bere gogoarekin berriketan, eta lasaitu denean autotik irten eta bidean gora abiatu da ezer gertatu izan ez balitz bezala, Ans ikusi izan ez balu bezala, bere bizitzako kapitulu motz hura inoiz gertatu izan ez bailitzan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina