Hitz egin al dizuet Argiaren
Beranduegi podcastaz inoiz? Agian jada aipatu dut, hamabostean behin izaten da.
Nik atzerapenarekin entzuten dut beti, telegramen duten kanaletik sartzen naiz.
Santa Barbarako buelta baliatzen dut lau zoro horiei entzuteko, barrez
lehertzen naiz sarri, irreberenteak dira askotan, euskaraz lotsagabe esan
beharko nuke, baina beste zentzu bat ematen diola iruditzen zait.
Honetaz eta hartaz aritzen dira,
askotan batetik bestera saltoka, baina gaiak harilkatuz, dibertigarria zait. Ba
gaur haien azkena entzun dut eta bertan garai likidoak terminoa erabili du
esatarietako batek. Entzunda nuen lehenago ere, baina izan dezakeen zentzuaz ez
nuen gaurdaino pentsatu. Politikaz ari zen, zehazkiago Euskal Herriko politikaz
eta garai likidoak bizitzen ari garela esatera etorri da.
Horrekin geratu naiz, zer esan nahi duen,
berarekin ados ote nagoen, solidoen eta likidoen arteko desberdintasunekin
pentsatzen jarri naiz eta fisika ikasi izanak ematen didan abantaila baliatu
nahi izan dut hausnarketa sakon bat egiteko.
Eta ez dakit hausnarketa sakonik egin
dudan, baina egia da bi solido nahasten ditugunean elementu desberdinak bereizi
egiten direla, bi likido nahasten direnean, aldiz, antzeko dentsitatea baldin
badute haiek bereizterik ez dagoela begi bistaz, eta bai, uste dut, egun,
hartzen diren hainbat erabakietan zaila dela bereiztea bata bestearengandik,
zurea uste duzuna kontrarioarengandik.
Garaiak aldatu dira, tenperatura
epeldu da eta solido batzuk guztiz urtu ez arren esan dezagun bigundu egin
direla, euren kontrarioen ezaugarrietara gehiago hurbilduz.
Bai garai likidoak bizi ditugu eta solido
gogorrenek tinko eutsi behar diotelakoan nago, jendarte osoa zaporerik gabeko
nahasketa urtsu bat bihur ez dadin.
Aste santu on!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina