2025/04/07

APIRILAK 7 (galdetegia)

Fikzioa, autofikzioa, errealitatea. Askotan aipatu dut gaia eguneroko honetan, ziurrenik niretik asko dagoelako hemen, gauza asko asmatuta izan arren.
Egia dena da barru barrutik idazten dudala, eta nire aldarteak isla duela egunero publikatzen ditudan txatal hauetan.

Azken egunetan, arrazoi desberdinek eraginda, haserre eta triste sentitu naiz. Izenik aipatu ez arren, nire gertukoek edo afektatu direnek idazki hauek irakurriko balituzte zertaz eta nortaz ari naizen jabetuko lirateke ziurrenik, edo ez? Horra oraintxe sortu zaidan zalantza, baita kezka ere zintzoa izan nahi badut, eta horrek aurrerantzean nire harremanetan izan dezakeen eragina etorri zait gogora.

Nire galaxia osatzen duzuen izar maiteok, galdetegi bat prestatu dut kontu hauetaz guztietaz hausnartzeko eta hobekuntzak egiteko asmotan. Arren eskatzen dizuet ahalik eta zintzoen erantzun dezazuen, hurrengoan zuetaz hitz egin ala ez, eta zein gai jorratu erabakitzeko. Aldez aurretik milesker!

Irakurtzen al dituzue nire testuok?

Irakurtzen badituzue identifikatuta sentitu al zarete inoiz?

Bertan esandako zerbaitek eragin al dizue inolako sentipenik?

Nik esandakorik haserretu arazi al zaituzte, edota gaizki senti arazi?

Testuren bat irakurri ostean gehiago ez irakurtzerik erabaki al duzue?

Maitasunez ari naizenean zutaz ari naizela pentsatzen al duzu?

Zu esaten dudanean zutaz ari naizela sentitzen al duzu, eta, hala ez bada, zu izatea nahi al zenuke?

Ikusten irakurle, nahi gabe hasi naiz pertsonalizatzen, zuka hasi natzaizu, baina nor da zu? Zu zu, nire zeta, lo aurretik gogoan dudan hori? Edo zu zu zara irakurle, edonor, zu generiko bat, paretari ariko banintzaion moduan?

Ba egunaren arabera zu zu zara, eta besteetan ez, baina identifikaturik sentitu bazara ba igual zerbaitegatik da, eta hala ez bada izan, berdin dio ezta? Joko honek dibertitzen bazaitu niretzat pozgarria litzateke, eta bestela berdin dio, ez kezkatu, ez dut gauza handirik espero. 

Baina, baina, berriz ere galdu egin naiz, bidean. Lo gutxi eginagatik ere gaur aurreko egunetakoa baino aldarte hobea dut. Tonuan nabaritzen al duzu? Hala bada zerbaitetan asmatzeko gai naizen seinale.

Ondo hasi astea zu eta baita zu ere!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina