Iragarpenak zioen gaur goiza ederra izango zela eta mendirako plana prestatu nuen atzo. Wikilocetik ateratako ibilbide bat, Leitza aldean, Urepel eta Mandoegi tontorrak igoz. Ba joan eta egin.
Asmakizun ona da wikiloc. Tokia ezagutu ez arren, zaila da galtzea adierazitako ibilbideari jarraituz, beno lainoarekin ez dakit nik, gaurko egunez ezinezkoa. Gehienez ere despistatu zaitezke metro batzuk gora behera, baina hots batek adierazten dizu beste batek egindako ibilbide hura abandonatzen ari ote zaren.
Eta gaur hor ibili naiz Gipuzkoa eta Nafarroa artean dantzan, neure odolaren antzera, nire sustraiak topatu nahiko banitu bezala.
Bazter zoragarriak ditugu gure herrian, baina beti toki berdinetara jotzeko ohitura daukagu. Gaur kontzienteki inoiz egon gabeko tokiak deskubritu ditut. Apenas zebilen jenderik, aita seme batzuk eta hiru jubilatu bizkaitar, besterik ez. Txori pila bat eta kukua basoan, etengabe bere kantua errepikatuz. Hori zen soinu banda. Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, ingurura begiratzearekin freskura senti zenezakeen. Ahaztu zait ordu batzuetarako belauneko zauria. Ez dit gerrarik eman, ondo ibili naiz, badoa sendatzen apurka-apurka.
Askotan diot nire lema natura eta
kultura dela. Bi gauza horiek salbatu naute sarri zulo beltz batean erortzetik.
Ba goiza mendian igaro eta gero, arratsalde iluntzerako ze plan hobe kontzertu
batera joatea baino.
Esan eta egin, ea mendi buelta bezain
gozagarria den. Eta gogoratu astelehenean ziurrenik lanera bueltatu beharko duzula,
jada bueltatu ez bazara. Beraz, probestu asteburua eta baliatu egun zoragarriak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina