Nahiz eta blog honen helburua nire barrua adieraztea izan (ez dut bilatzen ez dakit zenbat jarraitzaile izatea, ezta hortik publizitatea lortzea aberasteko), irakurleak ditudala pentsatzeak ilusioa egiten dit, agian egoa elikatzeko modu bat delako. Edozein kasutan, blogean estatistikak kontsulta ditzakezu, egunean zenbatek irakurri edo ikusi zaituzten jakin alegia.
Ez dakit datuak oso fidagarriak diren,
horien arabera Singapurren eta Hong Kongen irakurle asko izango bainituzke, eta
zeinek irakurriko du han euskaraz, hemen apenas inork irakurtzen badu? Baliteke zerbitzarien gauza izatea eta inolako irakurlerik ez izatea, ez dakit.
Edonola dela ere, 2009an bloga zabaldu
nuenetik atzo izan nuen ikustaldi kopuru handiena egun baterako: berrogeita
hemezortzi. Zuei gutxi irudituko zaizue agian, niri barbaridade bat iruditu
zitzaidan, berrogeita hemezortzi, txapliguak botatzekotan egon nintzen, bereziki
kontutan harturik askotan bisita kopurua zerokoa izaten dela.
Zer gertatu zen atzo? Zer dela eta derrepentean bisita kopuru hori? Nor sartu da? Nork begiratu nau ekialde urrun horretatik, ekialde urrun horretan norbait niri begira ari bada? Nor da? Nor zara? Jarraituko al duzu ni bisitatzen? Jakin dezazula nik bisitak gustura hartzen ditudala, baita interpelazioak ere.
Eta zuk Z, bisitatu al nauzu inoiz? Eta horretarako asmorik bai?
Pantailaren beste aldetik egun ona opa dizut irakurle maitea!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina