Ez naiz oso folklorika. Ez zait inoiz gustatu mugaz beste aldeko euskal herrietan zuri, berde, gorria erabiltzeko duten erraztasun hori, gero akaso Le Peni botoa ematen amaitzeko.
Oroitzen dut nola duela urte batzuk, nire lagun bat Parisko euskal etxeko zuzendaria zela, lokala aldatu eta berria auzo lanean garbitzen eta pintatzen ari zirela, han egokitu nintzela eta lan haietan laguntzen aritu nintzaiela. Lokala atontzeko erabilitako kolore konbinazioak, gureak, horterada bat ziren ezbairik gabe. Anje Dualden musika edukitzen zuten musika aparatuan Paristutako euskaldunek, eta, nire lagunak esana, haietako asko fatxa batzuk besterik ez ziren, euskalduntasuna folklore hutsarekin lotzen zuten horietakoak.
Gorroto ditut espainiako bandera
paparrean edo beste nonbait zintzilik daramaten horiek, baina ikurrinak doan
leku guztietan eramatea ere ez dut gustuko.
Nago euskalduntasuna eta naziotasuna
egunero beste modu batean erakutsi eta landu behar dela, ez bandera bat edo
kolore batzuk soinean eramanda begi bistan. Baina gaur, 2025eko aberri egunean,
ikurrina jarri dut balkoian, nire gurasoengandik jasotako hura, nire amak kale
nagusiko balkoian jartzen zuen huraxe, eta gogoz eta konbentzimenduz jarri dut,
iruditzen zaidalako independentziarako deiadarrak itzalita daudela egun, ez
dakit lozorroan edo desagertuta, baina aldarrikapena berpiztu beharra daukagula
jendartean.
Gure auzo guztian bi besterik ez daude,
lortuko al dugu datorren urtean gehiago egotea? Eta hala ez bada independenteak garenaren
seinale izango ote? Barka, amesten ari nintzen.
Gora Euskal Herria askatuta!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina