Ia ahazturik zaitudanean agertu egiten zara, ostera ere desagertzeko. Baina zu desagertu arren zure presentzia iltzaturik geratzen da nire gogoan, eta beste behin ere, zuri buruzko galdera denak otutzen zaizkit bat-batean, zuri buruzko kantu guztiak nahasten zaizkit kanta bakar batean, eta nahasmendu moduko bat jabetzen da nitaz.
Sabelean eta bihotzean uste, sentsazio,
inpresio eta sentimendu kontrajarriak pilatzen zaizkit, ezinegon jasanezin bat
sortuz. Eta gauza da, nahi gabe edo nahita, egunero ikusten zaitudala, ezkutuan,
arrazoiak zu ahazteko esaten didan bitartean. Baina ba al du arrazionaletik
zerbait zurekiko desio honek arrazoiari kasu egiten ibiltzeko?
Eta batzuetan iruditzen zait zuk ere
ikusten nauzula, ez dakit nahita edo nahi gabe, nire presentziaz jabetzen
zarela eta poztu egiten zarela ni ikusteaz.
Baina katuaren eta xaguaren joko hau
oso mingarria suerta daiteke, denboran gehiegi luzatzen bada, ni bezalako izaki
hauskorrentzat. Niretzat hala izaten ari da, zure presentziak sortarazten didan
pozarekin batera, mina zabaltzen doakidalarik, apurka, apurka, nire gorputzeko atal guztiak inbadituz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina